Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa bulegoetan eta online 

ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek gutxieneko soldata propio baten aldeko dinamika martxan jarri zuten duela hilabete batzuk. Ekimen horrek bi norabide nagusi ditu: «batetik, gure eskumen esparruaren baitan, lanbidearteko akordio baten bidez gutxieneko soldata propioa adostea; bestetik, eskumen berriak eskuratzea, Langileen Estatutuaren aldaketaren bitartez».

Lehen bidea, ordea, patronalak oztopatu du oraingoz. EAEko Confebask patronalak eta Nafarroako CENek, biek ala biek, ezezko borobila eman diote lanbidearteko akordioaren aukerari.

Bigarren bidea garatzeko herri ekimen legegilea abiatu zuten sindikatuek, eta milaka langileren babesa jaso du dagoeneko ekimenak. «Sinadura bilketa mobilizazio erraldoi bilakatu nahi genuela esan genuen, eta hamarnaka mila sinadura bildu ditugu; langileriaren erantzuna sendoa eta baikorra ari da izaten. Sinadura horiek guztiak EAEko eta Nafarroako legebiltzarrei aurkeztuko dizkiegu, lege aldaketa posible egiteko lehen urrats gisa. Bestetik, patronalei ere aurkeztuko dizkiegu, euren erabakia mugiarazteko helburuz» diote ekimena bultzatzen duten sindikatuek.  

Sinadura bilketa
Orain arte sinadurak horretarako prestatutako liburuxkatan jaso dira, Hiru sindikatuaren bulegoetan sinatu dezakete oraindik egin ez duten garraiolariek soldata propioaren alde. 

Duela gutxi, dinamika indartzeko urrats berria eman dute sindikatuek on line sinatzeko aukera eskainiaz: «horretarako behar genuen Eusko Jaurlaritzaren baimena eta bere atzerapena gaindituta, sinadurak online biltzeko aukera izango da. Horren bidez, sinatzeko aukera erraztea eta zabaltzea dugu helburu. Horregatik, dei egiten diogu jendarteari, oraindik eskuz sinatu ez badu, modu erraz eta azkarrean online sinadura eman dezan», azaldu dute bultzatzaileek. 

Itxaropentsu dira sindikatuak, «Ziur gaude gutxieneko soldata propioa ezartzea lortuko dugula, bide batetik edo bestetik, ezinbesteko tresna baita soldata arrakalei aurre egiteko, aberastasuna modu egokiagoan banatzeko zein prekaritateari eta pobreziari mugak jartzeko».

Informazio gehiago eta sinatzeko esteka: https://lanbideartekosoldata.eus/eu/