Hiru: Larrabetzu, Bidekoren laugarren aterpea
Bizkaiko instalazioak zabaltzearekin, Bideko Aterpek 1996an hasitako ibilbidea borobildu du, ezin esan zikloa itxi denik, beti dago eta kooperatibaren baitan hazkuntza, garraiolariei zerbitzu hobea emateko helburua, baina sorreran zituen xedeak bete dira, Euskal Herriko garraiolariei, nondik eta nora abiatuko den edozein izanda, kalitatezko gasolioa, prezio onean eskuratzeko aukera ematea, etxetik hurbil eta ahal den neurrian bere helmugarako bidean, edo etxera bueltan datorrenean.
Aurten Bideko Aterpe sortu zenetik 25 urte beteko direnean Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan dauka gasolindegi bana kooperatibak, Araban Langraitz Okako Los Llanosen, Gipuzkoan Oiartzungo Lanbarrenen, Nafarroan Galarren eta Bizkaian Larrabetzuko Sasinen.
Iparralderantz, Europarantz doazenek N-1 alboan eta A8 autobidetik hurbil Lanbarrenen hartu dezakete gasolioa eta Bideko Aterpe-Hiruren beste zerbitzuez baliatu, Mediterraneo aldera doazenek Nafarroako Galarren, hegoalderantz, Madril alderantz doazenek bidean dute Langraitz Okan zerbitzua eta Kantauri-atlantikoko erkidegoetarantz doazenek Txoriherriko igarobidean, Larrabetzun azkena zabaldu den Sasine Industrialdeko instalakuntza berria.
25 urteko zikloa borobiltzeko prozesua ez da erraz erraza izan. Gaitza izan da honelako instalakuntzak zabaltzeko toki aproposa topatzea, baimen guztiak lortzea eta guneak egokitzea. Bizkaikoak eman du lan gehiena, baina 2020 bukaeratik Bizkaiko garraiolariek zabalik dute Hiru sindikatuaren bulegoa eta erabilgarri Bideko Aterperen zerbitzuak Larrabetzun.
Esan bezala 1996an sortu zen Bideko Aterpe garraiolariei laguntzea xede zuen kooperatiba eta une garrantzitsua izan zen 1997an Langraitz Okan lehenengo instalakuntzak irekitzea. Orduan gasolioa hartzeagatik garraiolariek zeuzkaten deskontuak oso txikiak ziren, eta Bideko Aterpek beherapen horiek 10 aldiz biderkatu zituen, litroko pezeta bateko deskontua izatetik litroko 10 pezeta eskuratzera pasa ziren gutxi gorabehera.
Beste herrialdetan antzeko instalakuntzak irekitzea izan zen ordutik Bideko Aterpera erronka, baina ez zen erraza toki egokiak bilatzea. Asko kostata ireki zen 2006an Gipuzkoan Lanbarrengo zerbitzugunea…
Bizkaian ere jartzeko lanean ari ziren Bideko Aterpeko arduradunak, bitartean Nafarroan jartzeko aukera sortu zen, prozesu azkarra izan zen eta 2012tik garraiolari nafarrek zabalik dute Galarren hainbat zerbitzu eskaintzen dien gunea.
Azkenean Txoriherrin mila buelta eman eta gero, lortu zen tokia 2017an, beste hainbat denbora eta ahalegin behar izan dira baimen guztiak lortzeko, eta 2020ko abendutik zabalik da Larrabetzun, batez ere, Santurtziko portuan lan egiten dutenek erabiltzeko zerbitzugunea.
Prezio onaz gain Bideko Aterpen saltzen den gasolioak baditu beste berezitasun batzuk. Produktuaren kalitatea asko zaintzen dute arduradunek, 5 mikrako filtroak jarri dituzte 25ekoez gain.
Esan bezala erregaiaren kalitatea zorrotz zainduko du Bideko Aterpek Larrabetzuko hornitzaileetan, produktu bio-zidak, hau da, bio-pozoiak erabiliko ditu lizun, alga eta beste bakterioak saihesteko; baita ura xurgatzen duten filtroak ere, erregaia garbitzeko. Aldiro azterketak egingo ditu kanpoko laborategi batek,
Garraiolariek behar izaten dituzten produktuak ere salduko dira, besteak beste, nazioarteko garraioan aritzeko beharrezko den CMR agiria, porte-karta, eskularru eta diskoak