Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiri barruan ere segurtasun uhala jantzi behar dute banatzaile guztiek urriaren 1etik aurrera

Urriaren 1etik aurrera indarrean daude ekainaren bukaeran Madrileko Gobernuak onartu zituen trafiko-arau berriak. Beraz jada aplikatzen ari dira Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean egindako azken aldaketak. Bereziki hiri-banatzaileei eragiten diete arau berriek. Alde batetik, urritik, segurtasun-uhala nahitaezkoa da garraiolari eta banatzaileen ibilgailu guztietan. Orain arte, arau horretatik libre, salbuetsita, zeuden hirian banatzen zuten garraiolariak, hau da, segurtasun-uhalik ez jartzea baimentzen zitzaien hirian banatzeko orduan, kale berean behin eta berriz gelditzen baziren.

Neurri horrek, besteak beste, “azken miliako” garraioari eragingo dio, etxez etxe janari edota paketeria banatzaileari zein butano-bonbonen hornidurari. Arau hori neurriz kanpokoa dela uste dute horiek; izan ere, profesionalaren lasaitasuna eta bide-segurtasuna hobetzea baino gehiago, kezka eta karga handiagoa sortuko die. Jakina da banatzaile horiek egunero lan jarduera luze eta tirabiratsuk dituztela. Orain, estuasuna handituko da, gainera, segurtasun-uhala jartzen ez baldin badute isuna jasotzeko arriskua dute eta.

DGT, Madrileko Trafikoko Zuzendaritzaren arabera, berrikuntza hauen helburu nagusia errepidetan dabiltzan katebegi ahulenen segurtasuna hobetzea da, oinezkoena, txirrindulariena, eta motozikletak edota ziklomotorrak bezalako mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabiltzaileena, alegia. Horregatik, kaskoa eta kolore biziko txalekoa erabiltzera behartzen du, une oro, bere jarduera profesionala garatzeko txirrindua, ziklomotor, motozikleta edo antzeko ibilgailua erabiltzen duen banatzailea.

Auto ilarak araututa
Bestalde, autobideetan auto ilarak gertatzen direnean debekatuta egongo da aurreratzea. Elurragarentik edo bestelako arrazoiengatik zirkulazioa zailtzen denean, ezkerreko erreia libre utzi beharko da larrialdietarako eta elurra kentzeko ibilgailuentzat.

Trafiko motela denean, auto-ilarak daudenean edota ibilgailuak ia geldi daudenean, espazio libre bat utzi beharko de errepidearen erdian, hau da, ezkerreko eta eskuineko ertzetara hurbildu beharko dute ibilgailuek, erdigunean larrialdi-errei bat libre utzi eta behar izanez gero bertatik lehentasuna edo premia duten ibilgailuek pasatzeko aukera izan dezaten. 

Hiru erreiko errepideetan, lekua ezkerreko eta erdiko erreien artean utzi beharko da; hau da, ezkerreko erreian doazenak ezkerrera mugituko dira; erdiko eta eskuineko erreietako ibilgailuak, berriz, eskuinera.