Apirilaren 21rean, astelehenean, goizeko 6.45ean Jundiz industrialdeko Dimo Zinc Niquel enpresan 60 urteko garraiolaria aurkitu zuten hilzorian lurrean etzanda kamioiaren ondoan. Larrialdietako zerbitzuak heldu zirenean baieztatu zuten heriotza. 2026an Euskal Herrian lan istripuz hil den bosgarren garraiolaria da. Aurten Araba da heriotz gehien izan dituen lurraldea. Bost hildakoetatik hiru hil dira Araban. Beste biak martxoaren 24an, bat, Legutioko Olatek enpresan kamioian zeraman zerrautsak harrapatuta husten ari zela hil zen 41 urteko garraiolaria eta, bestea, Barco Motor enpresarentzat ari zen garraiolaria hilaren 19an izan zuen bihotzekoaren ondorioz.
Aipagarria da aurten hil diren bost garraiolarietatik hiru bihotzekoak jota hil direla. Beste sektore batzutan ere gertatzen da, asko dira heriotza ez traumatikoak, hau da, garraiolari asko hiltzen dira kamioiaren kabinan bihotzeko arazoren baten ondorioz. Horregatik, aspalditik ari da Hiru sindikatua, lan arriskuen plangintzak egiten direnean, garraioan gertatzen den bihotzeko arazo kopuru handia kontutan hartzeko eskatzen.
Hildako garraiolarien adina ere azpimarratzekoa da. Errepidean hiltzen diren garraiolarien artean gehienak 50 urtetik gorakoak dira; asko dira 60tik gorakoak, jada erretiratuak egon beharko luketenak. Jakina da, 60 urtetik aurrera arrisku handiagoa duela garraiolariak, harreta galdu, bihotzekoa izan edota, oro har, istripua izateko. Horregatik, Hiru sindikatuaren aspaldiko aldarrikapena da garraiolariei 60 urterekin erretiratzeko aukera emateko eskaera. Atzean 40 tona eramaten dituen garraiolariaren beraren bizitza eta osasuna arriskuan dira adin batetik aurrera. Eta errepidean dabiltzan beste gidariena ere bai.



