Batuz Aldatu dinamikarekin bat egin du Hiru sindikatuak euskararen pizkunde berriaren alde dauden beste hainbat elkartek bezala. Ehun sinatzaile baino gehiago elkartu dira irailaren 26an Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Bertan aurkeztu dugu hizkuntza-politiken arloko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua. Euskararen normalizazioan beste pausu bat ematea du helburu Batuz Aldatu dinamikak.
Argi gelditu da aurkezpen ekitaldian, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela. Beraz, jauzi bat proposatu dute egoera horri aurre egiteko eta euskararen etorkizuna bermatzeko, beti ere adostasun soziala oinarri dela.
«Oso laburbilduta, oinarriak euskararen ezagutza orokortzea eta normal erabiltzeko baldintzak eratzea dira» adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta proiektuaren sustatzaileak.
Ibilbide emankor baten emaitza da, 2022tik aritu da talde eragilea lanean. AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Euskalgintzaren Kontseilua, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa izan dira Talde Eragile horren parte, eta Aitziber Blanco bizikidetzan adituak dinamizatu du prozesua.
Talde Eragilearen proposamena borondate irmo batek gidatu du: etorkizunean euskal gizarte hobe bat lortzea, non herritar denek euskara ezagutuko duten eta normaltasun erabatekoz erabiltzeko baldintzak izango dituzten. Horretarako, hizkuntza-politiken paradigma berriak jarraitu beharreko lau ardatz nagusi azpimarratzen ditu: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, erabilera normalerako baldintzak bermatzea, ofizialtasun-estatus berdinzalea lortzea eta komunitate euskaldunaren ahalduntzea. Horrekin batera, printzipio sendoak ezarri dira: lidergo partekatua, hizkuntza-politikaren zeharkakotasuna, progresibotasuna, hizkuntza-aniztasunaren balioespena, adostasun sozial eta politiko zabalaren beharra eta herritarren eskubide osoen garapen integrala, edozein dela ere herritarraren zonaldearen egoera soziolinguistikoa.

Hizkuntza-politika berrirako giltzak
Proposamenak bost eremu nagusitan banatzen ditu euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan gizarteko sektore desberdinek dituzten erantzukizunak. Erantzukizunen lehen geruzan erakundeak eta eragile politikoak ezartzen dira proposamenean. Hain zuzen ere, Itun proposamenak instituzioen ardura azpimarratzen du, hasi udaletatik eta Euskal Herria banatzen duten eremu administratibo bakoitzeko gobernuetaraino. Horrela, ezagutzaren unibertsalizazioa ekarriko duten politika publiko ausart eta anbiziotsuak proposatzen dira, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, kultura-politiketan eta harrera-politiketan jarriz ardatz nagusiak. Halaber, politika publikoen bidez erabilera bermatzeko guneen sorrera, garapena eta hedapena gauzatzea proposatzen da, hiztun komunitate ahaldundu bat elikatzeko bideak jartzearekin batera.
Estatusaren auziari aipamen berezia egiten zaio, Itunean jasotzen denez, euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasun-estatusa lortzea egin beharreko urratsa baita etorkizuna bermatuko duten politika publikoak sistematikoki eta iraunkorki egiteko.
Bigarren erantzukizun geruza batean, eremu ekonomikoa jasotzen da, eta horretan enpresek eta sindikatuek protagonismo berezia dute. Enpresei eskatzen zaie euskara balio estrategiko gisa txertatzea eta euskara-planak garatzea, eta sindikatuei, berriz, hizkuntza-eskubideak langileen eskubideen parte gisa aitortu eta lan-hitzarmenetan jasotzea. Sektore prekario eta feminizatuetan diharduten langileei arreta berezia jartzea eskatzen zaie.
Gizarte-eragileei dagokienez, dokumentuak gogorarazten du beren erabaki eta balioek eragin zuzena dutela euskararen normalizazioan, justizia eta kohesio sozialaren ardatz bihurtzeko deia egiten die. Elkarte eta eragile sozialen ardura da hizkuntza-berpizkundea beren konpromisoen artean kokatzea, eta euskalgintzak aitzindaritza-lana mantendu behar du, baina gainerako eragile sozialekin lankidetzan.
Eremu akademiko eta kulturalari euskarazko ezagutza eta sorkuntza propioa bermatzea eskatzen zaie. Unibertsitateei goi-mailako ikasketen euskarazko eskaintza bermatzea eta ikerketa euskaraz egiteko ibilbideak eraiki ditzatela, eta kultur eragileei euskarazko kultur sorkuntza ardatzean jartzeko gonbita egiten die. Euskarazko kulturgileei, egundaino bezala, haizearen kontra aritzea den arren, euskarari unibertso bat emateko konpromisoari eustea dagokie.
Azkenik, herritarren konpromiso aktiboa da euskararen etorkizunaren berme nagusia. Euskararen normalizazioa erantzukizun zibikotzat aurkezten da, gizarte justuago eta kohesionatuago baten aldeko ekarpen gisa, eta euskaltzaletasun aktiboa ezinbesteko indar eragile gisa aldarrikatzen da.
Konpromisoak eta atxikimendu berriak
Eragile sinatzaileek lau konpromiso nagusi hartzen dituzte: dokumentuaren edukia gizarteratzea, proposamenak beren egitea, elkarrizketan eta elkarlanean jarraitzea, eta bere eremuan eragiteko gai den konpromiso gehigarriak hartzea.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak gogoratu du abenduaren 27an Miribillan, Bilbao Arena milaka euskaltzalez beteko duen ekitaldi berezi bat prestatzen dabiltzala. Euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta arnasa kolektibo bat izango da, Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua. Datozen asteetan emango dituzte xehetasun gehiago.



