Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiru sindikatuak bat egin du Hatortxu Rocken filosofia eta ibilbidearekin

Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta elkartek bat egin du Hatortxu Rocken filosofia eta ibilbidearekin, eta agurrarekin batera manifestua aurkeztu eta aldarrikatu dute 22 eragilek. Era berean, uztailaren 27an, eguerdiko 13.00ean, jaialdiaren baitan egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzeko deia egin dute. 

Nafarroako Lakuntza herrian, ostegunetik igandera bitartean burutuko da Hatortxu Rock jaialdia. Ekimenari «behar bezalako agurra» emateko asmoz, gizarte eragile ugarirekin bildu da antolakuntza. Honela, esparru ezberdinetako 22 eragilek egin dute bat Hatortxu Rocken agurrarekin, egitasmoari atxikimendua eman diote eta manifestua sinatu. Uztailaren 17an Lakuntzan bertan egindako agerraldian eman zuten honen berri. Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, Sortu, EH Bildu, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ernai, Ikama, Xuti, Gazte Abertzaleak, Bf, AEK, LAB, EHNE, ELA, Steilas, Hiru, 40 Minutu, Ezkerraldea Fest eta EDH-k egin dute bat jaialdiarekin. Hau da, alderdi politiko, sindikatu, musika jaialdi eta abarrek ere parte hartuko dute agur festa honetan.

Guzti hauek jaialdiak aurkeztutako manifestua sinatu dute. Bertan, gogora ekartzen da zergatik jaio zen Hatortxu Rock: «Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eta haien senideen defentsarako tresna gehigarri gisa» sortu zela nabarmentzen da, baita «auzolana izan duela lanabes gauza handiak egiteko aukera emanaz».

‘Hator hator neska mutil etxera’ lelopean sortu zen Hatortxu. «Onartzen dugu leloan aipatzen den helburua lortzeko azken pausoa oraindik ez dela eman. “Etxera” hori erabat gauzatu gabe dago», azpimarratu dute antolakuntzako kideek.

Ekitaldi nagusia, uztailak 27, 13:00ean
Konponbidea «luzeegi» doala azpimarratzen du manifestuak eta konponbide horretan «euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar ditugula» gehitu. «Etxean diogunean hitz horren esanahi zabalean diogu: etxean, bai. Baina bizitza duina aurrera eramateko baldintza guztiak beteta: etxebizitza, lana, osasuna…»

Eta horregatik izanen da agur jaialdi hau «herri honek ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena». Uztailaren 24 tik 27ra luzatuko da eta, azken egun horretan, ekitaldi nazionala antolatuko du jaialdiak. 13:00ean, Beriain gunean, ‘Etxera!’ lelopean. Bertan parte-hartzeko deia egiten diogu alderdi politiko, sindikatu, eragile, herri mugimendu zein norbanako orori, «etxerako aldarria ozen entzun dadin Lakuntzatik Euskal Herri osora».

Honi buruzko guztia: https://www.hatortxurock.eus/es/