Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiru sindikatuak parte hartu du pentsiodunek apirilaren 5ean burututako manifestazioetan

ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek bat egiten dute gutxieneko soldataren eta pentsio justuen alde Euskal Herriko pentsiodunek hasitako borrokarekin; beraz parte hartu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan azaroaren 5ean egin ziren manifestazioetan. 

`Soldata eta pentsio duinak. Orain, hemen eta denontzat. Por unas pensiones y un salario mínimo justo y suficiente´ dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 5ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan burutu zituen manifestazioen leloak. Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegile bat bultzatu zuen duela hilabete batzuk, pertsona guztientzat bidezko pentsioak lortzeko, bizitzeko nahikoa baliabide, alegia. Aldarrikapen zehatza pentsioen osagarria lortzea da, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte. Hego Euskal Herrian LGS propiorik balego, hori litzateke erreferentzia.

ELAk, LABek, ESK-k, STEILASek, Etxaldek eta Hiruk partekatzen duen aldarrikapena da, alegia. Are gehiago, soldata eta pentsio duinen aldeko borroka pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borroka bateratua eta osagarria dela diote, pobreziak gora egin baitu azken urteetan. Aldarrikapen horiek pentsiodunak eta gehiengo sindikala batu zituzten 2020ko Greba Orokorrean.

Duela hilabete batzuk, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek, bide bateratu bati ekin zioten Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa lortzeko, bi bide posibleren bidez: lanbide arteko akordio bat eta Herri Ekimen Legegile bat eskumena lortzeko eta hemen gutxieneko soldata propioa erabaki ahal izateko.

Oraingoz, ordea, patronalek uko egin diote LGS propio baterako aldarrikapenari buruz hitz egiteari, nahiz eta gizarteak onartzen duen Estatuak ezarritako gutxieneko soldata Euskal Herrian bizitzeko guztiz eskasa dela, kexu dira sindikatuak. Horrek bereziki eragiten die sektore feminizatuei, arrazializatuei, dibertsitate funtzionala duten pertsonei edo lan-merkatuaren prekaritateagatik, etxebizitzaren arazoagatik eta abarrengatik independizatu ezin diren gazteei.

Gutxieneko soldata propioa lortzeko Herri Ekimen Legegileari dagokionez, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak tramitera onartu duen, Nafarroako Parlamentuak atzera bota du, “milaka langile zaurgarriri bizkarra emanez”.

Beraz, sindikatuek ezinbestekotzat dute mobilizatzea eta Pentsiodunen Mugimenduarekin aliantzak eraikitzea, Hego Euskal Herriko pertsona guztientzat pentsio eta soldata duinak eta nahikoak lortzeko. Horregatik, elkarrekin mobilizatu dira apirilaren 5ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.