Nafarroako garraiolarien Hiru, Anet eta Tradisna ordezkariek ohar bateratu bat argitaratu dute Nafarroako Gobernuari sektorearen arazoei erantzunak eskatzeko, Nafarroako autobietan kamioiei bidesariak ezartzeko Nafarbide sozietatearen sorrera kritikatu dute eta ohartarazi, Lurralde Kohesio eta Ekonomia zein Ogasun Kontseilaritzak elkarteekin biltzeko konpromisoa betetzen ez badute, “garraiolarien ahotsa eta iritzia entzun dadin neurriak hartuko” dituztela.
Fiskalitatea da Hiru, Anet eta Tradisnaren beste aldarrikapen nagusietako bat: “Nafarroako Ogasunari zehatz-mehatz luzatutako proposamen fiskalek, agerian uzten zuten Nafarroako garraio sektorea desabantailan dela”, Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta beste lurralde batzuekin alderatuz gero. “Gure Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Chivitek, proposamen horiek ezagututa, bere gain hartu zuen Ogasuneko gobernukidearekin harremanetan jartzeko eta horiek berrikusteko konpromisoa, baina, beste batzuetan bezala, ez dugu erantzunik jaso. Ezta Ekonomia eta Ogasun Sailera zuzenean jo dugunean ere. Urte osoa daramagu proposamenei erantzuna eskatzen. Eta gero, sektorearekin dituzten hartu-emanak etengabeak direla esaten dute”.
Otsailaren hasieratik jakinak diren proposamen eta aldarrikapen nagusiak laburbildu dituzte komunikatuan: “belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea, ibilgailu zaharrak berritzeko laguntzak, aitortu gabeko gaixotasun profesionalak dituen sektorearentzat bidezko erretiro aurreratua eskatzea, zirkulaziorako murrizketak kentzea, egiteke dauden azpiegiturak eraikitzea eta fiskalitatearen arloan dauden desabantailak, bidesariak jartzearekin areagotuak, ezabatzea…”
Hiruk, Anetek eta Tradisnak zera uste dute: “garraioa hilzorian dago ez dagoelako ekonomiaren eta belaunaldien arteko erreleborik. Garraiolariek 58 urte inguru dituzte batez beste, eta jarduera uzten ari dira, inoiz iristen ez diren erantzun eta konponbideen zain direlako.”
“Edozein inposaketaren aurka gaude, hala nola bidesariena, beste zerga-karga bat gehiago da” diote eta argudiatu: “Esaten dute ez dagoela errepideak ordaintzerik bidesaririk ezartzen ez bada… orain arte aurrekontu bidez finantzatzen ziren, ba! Zergatik orain aldaketa hori? hasteko garraiolariek eta geroago herritar guztiek ordaintzea? Zergatik Nafarroan bai eta estatuan ez? Ez dira konturatzen gure produktuak ez direla hain lehiakorrak izango eta garestiagoak izango direla Nafarroan erosiz gero?”.
Garraiolarien ordezkariek ohartarazi dutenez, “Gobernuak erantzuten ez badu, hitzartutakoa betetzen ez bada, eta emandako denbora eta hitza errespetatzen ez badira, sektorearen bazterketa ikusarazteko neurriak hartu beharko ditugu. Garraio-erakundeok beti erakutsi dugu ardura, erantzukizuna, proposamen argiak eta elkarrizketarako borondatea “.