Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruk bat egin du Etxebizitzaren aldeko azaroaren 11ko greba orokorrarekin

Hiru sindikatuak bat egin du Etxebizitzaren aldeko greba orokorrarekin, ELA, LAB, ESK, Steilas eta Etxalde sindikatuekin; Greba deialdia urriaren 13an erregistratu zuten sindikatuok Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera.

Azaroaren 11n ”Euskal Herritik Euskal Herrirako”greba orokorra egiteko deia luzatu dute sindikatuek. Egun hori, etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadin deia egin dute sindikatu eta eragileok. “Baita langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen aldekoa ere. Ez ahaztu duela zortzi hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin eta kaleak bete genituela”. 

Sindikatuen iritziz, “etxebizitza euskal langileria pobretzeko eta eguneroko ogi bilakatu den arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta baita euskal langileriaren kezka nagusia ere. Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia da etxebizitzarekin egiten den espekulazioa, eta hori jarri nahi da jomugan”.

Sindikatuek adierazi dute Euskal Herriko patronala eta instituzioak interpelatuko dituztela grebarekin: “Izan ere, Confebask eta CEN patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Eta, etxebizitzaren eremuan, langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak zein askotariko udalek negozioa indartzen duten politikak egiten jarraitzen dute, nahiz eta instituzio hauek badituzten alor horretan eskumen zabalak”. Errentisten aldeko politikak egiteari uzteko garaia dela uste dute deitzaileek, eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela ere bai.