Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruk ez du bat egingo UGT eta CCOOk deitutako garraiolarien lanuztearekin

Urriaren 28tik aurrera, errepideko garraioan diharduten kamioi eta bus gidariek zazpi eguneko greba mailakatua egiteko deialdia egin dute CCOO eta UGT sindikatuek sektoreko langileak 65 urte aurretik erretiroa hartzeko sistema propioa eskatuz. Ostegunean, hilaren 24an, garraio astunean diharduten garraiolarien lanuztea bertan behera utzi zuten sindikatuek enpresarien ordezkariekin bilera egin eta gero. Dena den, Garraiolarien Euskal Herriko Hiru Sindikatuak egiaztatu du deitzaileek oraindik ere ez dutela behar bezala azaldu nola mamituko den sistema hori, zeintzuri eta nola aplikatuko zaien, garraio astun-arin edo bus gidarien artean ezberdintasunik egongo den edota nola ordainduko den. Oraingoz, argi da garraio arina akordiotik kanpo geldituko dela, C eta E baimena duten garraiolariak baliatuko dutela aukera. Hiruren zuzendaritzak erabaki du erakunde gisa ez duela bat egingo deialdiarekin.  

Urriaren 19an, larunbatean, bildu zen Hiruko Zuzendaritza egoera aztertzeko eta afiliatuei greba deitu dutenen arrazoiekin bat datorrela jakinaraztea erabaki: “Premiazkoa da lehenbailehen erretiro-adina aurreratzeko sistema abian jartzea, garraioan egun den ezbehar-tasa altuaren aurrean”. Zahartu egin da sektorea, gidari gehienak 50 urtetik gorakoak dira eta horrek areagotu egin du istripuak izateko arriskua. Lanaren Nazioarteko Erakundeak zuzenean lotzen du adina eta arriskua: 55 urtetik gorako gidarien lan-istripuen kopurua hiru aldiz handiagoa da gainerako sektoreena baino, adin-tarte berean. 

Horregatik guztiagatik, Hiruk salgaien errepideko garraioan ari diren profesional guztiek 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea izan dezaten aldarrikapen historikoari eusten dio. 

UGT eta CCOOk proposatutako koefiziente murriztaileen sistemari dagokionez, Hiruk aitortzen du erretiro arruntaren aldean, hobekuntza dela, nahiz eta banakako irtenbidea izan, eta oraindik sektorearentzako eskatzen den erretiro-adin espezifiko horretatik urrun egon. Sindikatuak gogor kritikatu du aldi berean, grebaren deitzaileek ez dutela argi utzi zein adinetan erretiratu ahal izango diren garraioko profesionalak eta ez dutela erretiro-adina murrizteko koefiziente horiei buruzko xehetasunik eman: zeintzuk izango duten eskubidea, zertan gauzatuko den edota nola finantzatuko litzatekeen…

Azkenik, Hiruk jakinarazi du Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen sindikatuak ez duela zuzenean deialdiarekin bat egiteko eskaerarik jaso. Egia da, bai, greba iragarri zutenean, UGTk eta CCOOk garraiolari autonomoei ere, oro har, greba horretan parte hartzeko gonbita luzatu zietela prentsaurrekoan. 

Horrela, Hiruk afiliatuekin duen konpromisoarekin bat egin eta garraioko greba-deialdi honen nondik norakoak aztertu ondoren, erabaki du erakunde gisa ez duela bat egingo deialdiarekin, baina, aldi berean, adierazi du greban parte hartzea erabakitzen duten garraiolariak ulertzen dituela.