Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruko garraiolari autonomoa hil da Lodosan, bi kamioiren arteko istripuan

Bi kamioik talka egin eta Hiruko kide den 54 urteko garraiolari autonomo bat hil da gaur arratsaldean Lodosan, Nafarroan. Istripua NA134 errepidean gertatu da, Lodosako udalerrian.

Aurten istripuz hil den hamargarren garraiolaria da. Hiru sindikatuak, LAB, ESK, STEEILAS, CGT eta EHNE sindikatuekin batera, elkarretaratze bat deituko du datorren astean “Patronalak eta Instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte, prekarietatea hiltzailea” lelopean, hildako garraiolaria gogoratzeko eta ezbehar horiek lan-baldintza kaxkarrekin lotuta daudela salatzeko. Jardunaldi estu eta luzeak, atseden hartzeko zailtasunak, lan-karga handiak, enpresak edo bezeroek eragindako presak eta presioak, errepideen zein ibilgailuen egoerak daude horrelako ezbeharren atzean.

Istripuaren ondorioz, ibilgailuetako batek kargaren zati bat galdu du, azido sulfurikoa isuri du errepidean. Eragozpenei aurre egiteko neurriak hartu dituzte suhiltzaileek eta Foruzaingoak. Errepidea bi norabidetan itxita egon da eta garabi haundia behar izan dute bi kamioietako bat altxatzeko. Kamio zisterna irauli egin da, 13:30ak pasatxo zirenean, bide horretako 67,7 kilometroan gertatu den istripuan.

SOS Nafarroa 112 larrialdiak kudeatzeko zentroak bertara bidali ditu anbulantzia eta suhiltzaileak. Foruzainak ere bertaratu dira, istripuaren nondik norakoak aztertzeko.