Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Aurreko astean Lodosan lan istripuz hildako garraiolaria gogoratzeko elkarretaratzeak Donostian eta Errenterian

Beste garraiolari bat hil da bere kamioia gidatzen ari zela. Aurtengo estatistika tragikoa gizentzen ari da.  Dagoeneko hamar garraiolari hil dira aurten Euskal Herriko errepideetan. Miguel Angel Corral, 54 urteko garraiolari autonomoa, Hiru sindikatuko kidea, joan den ostegunean, irailak 24, arratsaldeko lehen orduan hil zen, N134 errepidean, Lodosa parean, gidatzen ari zen zisterna irauli ondoren, bi kamioiren arteko ezbehar batean.

Hiru, LAB, Steilas, ESK eta EHNE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute urriaren 1ean, asteartea, Aldundiaren aurrean, hildako garraiolaria gogoratzeko eta sektoreko ezbehar-tasa handia prekarietatearekin eta lan-baldintza txarrekin lotuta dagoela salatzeko. Arratsaldean lankide eta lagunek beste protesta bat egin zuten hildako garraiolariaren herrian, Oreetan, 19.00etan Udaletxe aurrean, “prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” lelopean. Lanaldi luzeek, atseden hartzeko zailtasunek, enpresek eragindako presek eta presioek, kargen gehiegizko pisuak edo tarifa urriek zaildu egiten dute garraiolariaren lana, arriskuan jartzen du bere bizitza eta osasuna. Hiruk «babesa eta elkartasuna» adierazi die biktimaren hurbileko pertsona guztiei, eta, aldi berean, kausak eta erantzukizunak zehazteko ikerketa eskatu du.

Euskal sindikatuek behin eta berriz salatu dute lan-baldintza kaxkarrak daudela ezbehar horien atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzio araudiak betetzen, euren irabaziak eta onurak lehenesten dituzte langileen bizitza eta osasunaren gainetik. Bestalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez du behar beste indar, baliabide edota neurri jartzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten: ez dago ikuskatzaile nahikorik eta arau-hausteak ez dira zigortzen.

Nabarmendu behar da hil den gidariaren adina: 54 urte. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan sartzen lan-baldintzak ez direlako duinak edo interesgarriak. Horrek guztiak arriskuan jartzen du garraiolarien eta errepideko gainerako erabiltzaileen segurtasuna. Adin batetik aurrera, erreflexuak urritzen dira, konortea galtzeko, bihotzekoa eta istripu bat izateko arrisku handiagoa dago. 

Horregatik, Hiru sindikatuak urteak daramatza garraiolarientzako erretiro aurreratua aitortzeko eta babesteko aldarrikatzen. Beste lanbide batzuei bezala, hala nola suhiltzaileei edo poliziei 60 urterekin jubilatzeko aukera aitortzeko. Era berean, Hiruk eskatu du bihotzeko arazoen  sektoreko kopurua kontuan hartzeko laneko arriskuen prebentziorako planak finkatzerakoan. Aurten hildako 10 pertsonetatik gehienek 50 urte baino gehiago zituzten.

Beste datu garrantzitsu bat hilean hildako garraiolari baten estatistika dramatikoa da, 30 egunetik behin garraiolari bat hiltzen baita errepidean. Jakina da administrazioak trikimailuak erabiltzen dituela estatistikak arintzeko, lan-istripua  trafiko-istriputzat hartuta. Garraiolaria errepidean lanean ari da eta, beraz, argi eta garbi ezbeharra lan-istripua da. 

Aurten, Nafarroako errepideetan lan-istripu ugari izan dira. Hiru sindikatuak, LAB, CGT, Steilas, ESK eta EHNE-Etxalde sindikatuekin batera, urtarrilaren 23an Iruñean emandako prentsaurrekoan ohartarazi zuen Nafarroako errepideetan lan-istripuak ugaritu egin direla, ez garraiolarienak bakarrik, eta, horregatik, Nafarroako agintariei eskatu zieten «berehalako neurriak har ditzatela joan-etorri kopuru handia murrizteko», etxetik lan egitea ahalbidetuz, enpresetan mugikortasun-planak eginez, errepideen egoera eta Nafarroako Garraio Publikoaren egoera hobetuz. Urtarriletik hona Nafarroan lan-istripuz hildako 18 pertsonetatik hamabi errepidean hil dira.

Istripu larria izan zen, garraiolariaren kamioia iraulita, Lodosan irailaren 24an.

Urriaren 2an Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkartu ginen sindikatuak eguerdiko 12.00etan.

Arratsaldean, hildako garraiolariaren herriko, Errenteria edo Oreetako Udaletxearen aurrean.