Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruren mobilizazioa Lakuan Administrazioari babesa eskatu eta garraioaren egoera jasanezina salatzeko

Eusko Jaurlaritzaren aurrean protesta egingo dute Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko kideek, datorren larunbatean, abenduaren 18an, goizean, oro har, garraioaren sektorearen muturreko egoera eta zailtasunak salatu eta Administrazioari bertako garraioaren babesa eskatzeko. Gasteizko hegoaldeko irteeran dagoen Lopidanako zerbitzugunean elkartuko dira Donostiarako noranzkoan goizeko 10.00etan Hiruko garraiolariak eta elkarrekin joango dira kamioietan Eusko Jaurlaritzak Lakuan daukan egoitzaren aurrera, 10.30etan abiatuta. 

Azaroaren 20an egindako batzarrean erabaki zuten Hiruko kideek datorren asteetan zenbait mobilizazio egitea, garraioaren egoera latza salatzeko, eta zenbait neurri konkretu eskatzeko, besteak beste, Administrazioak Euskal Herriko garraio sarea babestu dezala eta sektorean diren lan baldintza kaxkarrak zein jokabide makurrak kontrolatu ditzala. Beharrezko ikusten dute Hiruko garraiolariek gasolioaren prezioaren eta beste gastuen arabera berrikusiko den faktura nahitaezkoa izatea, garraiolari eta bezeroek derrigorrez beteko dutena; Esan bezala lan baldintza kaxkarrei aurre egiteko neurriak ere eskatzen dituzte, zenbait jokabide desagertu daitezen, kooperatiba faltsuak, azpikontratazioak eta ordainketetan atzerapenak besteak beste, edota, gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatzea. 

Bestalde EAEko hiru Foru Aldundiek eta Nafarroako Foru Gobernuak kamioiei bidesariak  jartzen dituzten egitasmoak bertan behera uzteko eskatzen ari dira garraiolariak, errepideen konponketa publikoa izan dadila, hau da azpiegitura publikoak direnez zergen bidez jasotakoarekin ordaindu daitezela. 

Hiru, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuaren protesta
Elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzan Lakuan duen egoitzaren aurrean
Larunbata, abenduak 18, goizeko 10.30etan abiatuta
N-1ean, Donostiarako noranzkoan, Lopidanako gasolindegitik Lakuara