LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek 2024ko lan istripuen txostena aurkeztu zuten apirilaren 7an Gasteizko Parlamentuan eguerdiko 13.30etan legebiltzarkideen aurrean. Hori baliatu zuten Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, apirilaren 28an, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek Iruñan eta Donostian burutuko dituzten ekimenen berri emateko (Nafarroakoan CGTk ere hartuko du parte). Sindikatuek nabarmendu zuten patronalak ia 30 urte daramatzala indarrean dagoen lan osasuneko araudia urratuz, inpunitate osoz eta horren ondorioz urtero hainbat langile hiltzen direla lan iastripuz. Iaz 64 langile hil ziren horietatik 14 garraiolariak.
Gasteizen, Legebiltzarreko atarian egin dute iragarpena, lan osasunerako intersindikalak 2024ko ezbeharren txostena legebiltzarkideei aurkeztu aurretik. Apirilaren 28ko Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguneko mobilizazioen leloa , “Absentismoa patronalaren iruzurra. Lan osasuna, gure eskubidea” izango da. Donostian (11:30ean Alderdi Ederren) eta Iruñean (11:00etan, Sarasate pasealekuan) egingo dira ekimenak.
Sindikatuen arabera, datuek erakusten dute absentismoa ke-laino bat dela eta arazo nagusia laneko arriskuak direla, patronalak legedia urratuz eragiten dituenak. Arrisku hauek emaitza larriak dituzte langileen osasunean, 64 hildako eta 102.000 istripu traumatiko 2024an.
Sindikatuek prentsaren aurrean azaldu dute, 2024an enpresek zein mutualitateek 102.000 lan istripu aitortu dituztela, eta hauen erdiek baja eragin zutela. Aurkezpenean salatu zutenez, “gertatzen diren lan istripuetako asko ez direla aitortzen”. Gaineratu dute gobernuek heriotzen datuak ere izkutatzen dituztela, ohikoenak, garraiolarienak edo initinerezein inmision istripuak izaten direlarik, askotan laneko heriotza bezala hartzen ez dituztenak. Iaz sindikatuek 64 laneko heriotza zenbatu zituzten 2024an, asko kideen sareari esker, eta datu ofizialek 47 jaso zituzten soilik. Sindikatuen arabera, honek erakutsiko luke datu ofizialak ezin direla seriotasunez hartu.
Legebiltzarrean sindikatuek salatu dute, sektore batzuetan errazagoa dela hiltzea, basogintzan, eraikuntzan, industrian edo garraioan, esaterako, eta beste batzuetan errazagoa dela gaixotasun profesionalak garatzea, eta honetan gero eta nabarmenagoak direla afekzio psikosozialak. “Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz, ez dute bizitzen uzten”.
Sindikatuek nabarmendu dute patronalak ia 30 urte daramatzala indarrean dagoen lan osasuneko araudia urratuz, inpunitate osoz. Gaineratu dute sare instituzionala inpunitate hori babesteko sortu zela; Administrazioak ez du patronala zigortzen, jokabide makurrek ez dute isunik. Ondorioz, patronalak ederki daki eta baliatzen du hori. Gobernuek enpresei zuzendutako mezua argia izango litzateke, “zuek jarraitu horrela, ez baita ezer gertatuko”.
Egoera latz honen aurrean LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek adierazi dute urratsak ematen jarraituko dutela: Era berean, gobernuei exijitu diete patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzala.
