Hiru, LAB, ESK, STEILAS eta EHNE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute maiatzaren 23an, ostirala, eguerdiko 12.00etan, Irungo Behobia auzoko Zaisa bulego-eraikinaren aurrean, joan den astelehenean, maiatzaren 19an, toki horretan hildako garraiolaria gogoratzeko eta, aldi berean, heriotza hori eta beste hainbat laneko ezbehar eragiten dituen prekarietatea salatzeko. Sindikatuen iritziz eragin zuzena daukate laneko baldintza kaxkarrek lan istripu tasa handiarekin.
“Prekarietateak hil egiten du. Patronalak eta instituzioek gaixotzen eta hiltzen gaituzte” leloarekin elkartu dira. Ondoren Hiru eta LABek ordezkariek sindikatu guztien izenean nabarmendu dute sektoreko istripu kopuru handia, “dagoeneko bederatzi garraiolari hil direla 2025eko lehen bost hilabeteetan, eta gehienak, bost, istripu ez-traumatikoen ondorioz, hau da, kabinan hil dira bihotzekoak jota. Kasu honetan, astelehenean, goizean goiz, 6:30ean Belgikarantz abiatu aurretik. Kamioi arrankatuta eta atea zabalik zuela topatu zuten lankideek.
Garraiolariaren adina ere azpimarratu dute, 66 urterekin, erretiroa hartuta egon behar baitzuen.
Hiruko Jon Altuna ordezkariak horixe azpimarratu du: Argi dago adin batetik aurrera garraiolariak arrisku handiagoa duela konortea galtzeko edo bihotzekoa izateko eta, azken finean bere bizia eta errepideko gainerako gidariena ere arriskuan jartzeko. Irungo kasuan, geldi zegoela gertatu zen ezbeharra, baina gidatzen ari zela ere izan zezakeen.
LABeko Adrian Arrutik, ordea, zera nabarmendu du: “dagoeneko 15 urte dira garraio hitzarmenik gabe. Eta lan-baldintza prekario horiek, ordutegi estuek, elikadura desegokiak eta ohitura txarrek ondorio zuzenak dituzte garraiolarien osasunean eta segurtasunean”.
Hiru sindikatuak salatu du azkenengo kasu horretan, garraiolariek alor honetan dituzten bi kezka nagusiak batu direla. Batetik adina eta bestetik bihotzeko arazoak. Dagoeneko erretiratua egon beharko lukeen garraiolaria hil da. Garbi dago adin batetik aurrera arrisku handiagoa dutela garraiolariek bihotzeko bat izan, konortea eta azken finean bizia galtzeko.
Horregatik guztiagatik, Hiru sindikatuak urteak daramatza neurriak eskatzen, batetik, beste lanbide batzuei bezala, garraiolariei ere 60 urterekin erretiroa aitortzeko; eta, bestetik bihotzeko gaixotasun eta arazo kopuru handia, kontuan har dezatela lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak egiterakoan.
Zalantzarik gabe, sektorea zahartu egin da, ez dago erreleborik lan-baldintza negargarri horiengatik, eta prekarietate horrek ondorio latzak ditu. Azken urteotako heriotzen batezbestekoa gainditu da aurten. Garraiolari bat hiltzen zen gutxienez bataz beste hilero. Aurten, bederatzi hil dira jada bost hilabetetan. Hilean bi. Laneko ezbehar-tasa oso altua da, oro har, Euskal Herrian. Dagoeneko 20 langile hil dira aurten lan-istripuetan.
