Irungo garraiolaria hil da uztailaren 23an, asteazkenean, arratsaldean, Muxikako Ebaki XXI zerrategian, makina edo orga jasotzaile batek harrapatuta. Azkenportu Garraioak-eko 50 urteko garraiolaria jasotako zauri eta kolpeen ondorioz hil zen erietxera anbulantzian eraman zuten arren. Dagoeneko 10 dira aurten Euskal Herrian hil diren garraiolariak.
Hiru, LAB, ESK, STEILAS, CCOO eta EHNE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egingo dute datorren astean enpresaren aurrean, hildako garraiolaria gogoratzeko eta heriotza hauen atzean lan-baldintza kaxkarrak daudela salatzeko.
2025. urtea bereziki tragikoa izaten ari da garraio arloko ezbehar-tasari dagokionez. Uztailerako, 10 garraiolari hil dira lan-istripuz, heriotzen estatistika latza da aurtengoa, hilero gutxienez garraiolari bat hiltzen da bataz beste eta aurten 10 hil dira zortzi hilabetean. Bataz bestekoa gainditzen ari da 2025a.
Ebakiko langileek ordubeteko lanuzteak egin dituzte enpresan, langileak banatuta dauden hiru turnoetan, astelehenean 13.00etatik 14.00etara goizeko turnokoek, 19.00etatik 20.00etara arratsaldekoek, eta 22.00etatik 23.00etara gaueko turnokoek. Berrogei bat langilek hartu zuten parte protestaldian.







