Lau garraiolari hil dira asteazkenean martxoaren 5ean goizaldeko 4.00etan Fiteron gertatu den istripuan. Ezbeharra Iruñea-Madril N113 errepidean gertatu da bi kamioik aurrez aurre elkarren kontra jota. Ibilgailu astun bakoitzean bina lagun zihoazen, eta laurak hil dira. Bi bikote ziren, bi txekiarrak eta beste biak bulgariarrak. Hauek biak Granada bizi ziren.
Sei garraiolari hil dira aurten Euskal Herriko errepideetan. Garraioan gertatzen diren lan istripuen estatistika latza da, hilero hiltzen da garraiolari bat bataz beste. Aurten, jada bataz beste bi baino gehiago, sei hil baitira martxo hasierarako. Jakina da istripu hauek sektoreko baldintza txarren ondorio direla. Aipagarria da istripua gertatu den ordua eta bina gidari zihoazela ibilgailu bakoitzean: goizeko lauetan lanean ari ziren hildako lau garraiolariak, atseden hartzeko ordua den arren. Bina gidari ziren ibilgailu bakoitzean seguraski txandaka gidatzen. Beraz behar bezala atsedenik hartu gabe.
Aipagarria da baita ere Nafarroan badirela oso arriskutsuak diren bizpahiru errepide. Istripu asko gertatzen dira aipatutako errepide horietan, N113an Castejondik aurrera Agredara bitartean Iruñea Madril errepidean eta N134an Lodosatik Errioxako mugara bitartean esaterako. Duela 40 urteko errepide berbera da hobekuntza handirik gabe eta gaur egun ibilgailu handiago eta azkarragoak dabiltza.
Asteazken goizaldean gertatu den istripuan, esan bezala lau garraiolari hil dira N113 errepidean, 101 kilometroan, Fitero parean, Nafarroan, bi kamioik aurrez aurre elkarren kontra jota.
Kolpearen ondorioz, bi kamioietan zihoazen lau pertsonek galdu dute bizia, lauak atzerritarrak, bik ibilgailu bakoitzean: bi Bulgariakoak (Granadan bizi ziren 47 urteko gizonezkoa eta 41 urteko emakumezkoa), eta beste biak txekiarrak (46 urteko gizona eta 47 urteko emakumea). Lauak garraiolariak zirela uste da, eta txandaka gidatzen zutela.

Iruñea eta Madril lotzen dituen N113 errepidea hainbat ordutan itxita egon da.