Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Jarraipen zabala izan zuen Hego Euskal Herrian martxoaren 17ko greba orokorrak

Martxoaren 17ko Greba Orokorrak jarraipen zabala izan zuen Hego Euskal Herri osoan; eguerdiko manifestazio jendetsuetan parte hartu zuten Hiruko garraiolariek, beste sindikatuetako ordezkariekin batera. Martxoaren 17ko greba deialdiak izandako arrakastaren lekuko izan ziren eguerdiko mobilizazio horiek: Bilbon, Iruñan, Gasteizen eta Donostian, hegoaldeko lau hiriburuetan, gehi Eibarren eta Tuteran, 105.000 lagun inguru mobilizatu ziren sindikatuek adierazi zutenez. Donostian Joxe Mari Osaren kamioi buruak ireki zuen manifestazioa. Gero, arratsaldean 85 manifestaziotik gora egin ziren hainbat hiri eta herrietan.

Lehen orduetatik grebak industrian izan zuen jarraipena oso zabala izan zen, batzarrak aurretik eginak zituzten, eta goizean zehar hezkuntza arloko langileek, zerbitzu publikoetakoek eta beste zenbait sektoretakoek bat egin zuten grebarekin. Manifestazioen eta grebaren leloak, ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko’ oihartzun zabala izan zuela nabarmendu zuten sindikatuetako ordezkariek.

Aldarri hori bere eginda milaka langile kalera atera ziren martxoaren 17an Hego Euskal Herri osoan. Negoziazio kolektiboaren bidez gutxieneko soldata bertan negoziatzeari patronalak emandako ezezkoaren aurrean, eta Herri Ekimen Legegileari EAEko zein Nafarroako Gobernuek emandako ezetzaren aurrean, greba orokor arrakastatsuarekin erantzun zuten LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Atxikimendu oso zabala izan zuen deialdiak, 1.750 enpresa komite eta pertsonal batzorderen babesa zuen, eta 100 eragile baino gehiagorena ere bai.

Sindikatuek nabarmendu zuten, gainera, gerraren kontrako eta justizia sozialaren aldeko greba ere izan dela. Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko neurriak eskatu zituzten sindikatuek, aberastasuna banatzeko. Greba orokorrak bultzada sendoa eman zion gutxieneko soldataren borrokari, milaka langileren bultzadari esker LGS propioa lortzeko aukerek zabalik jarraitzen dute. Milaka euskaldunek bat egin baituten LAB, ELA, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen deialdiarekin, aldarrikapen argiarekin, “1.500 euroko gutxieneko soldata propioa Hego Euskal Herrirako”, eta, bide batez, oro har, soldatak igotzeko eta aberastasuna banatzeko eskatu zuten egun osoan zehar egin ziren mobilizazioetan.

Hiruko Juan Mujika garraiolaria Donostiako manifestazioaren buruan.

Administrazio publikoan, hainbat udaletxetan geldialdia ia erabatekoa zen eta beste askotan oso jarraipen handia izan zuen. Osasungintzan eta gizarte ongizate esparruan, beste behin ere, gutxieneko zerbitzuen bitartez, milaka langileri greba eskubidea ukatu zitzaion. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile bakar batek ere ez zuen grebarekin bat egiteko aukerarik izan. Larrialdietako langileek ere %100eko gutxieneko zerbitzuak pairatu zituzten. Horri gehitu zitzaion Lehen Arretan ezarritako gutxieneko zerbitzuen igoera. Ospitaleetan, greba nabaritu zen gutxieneko zerbitzuetatik aparte.

Hezkuntza publikoko ikastetxeetan, jarraipena oso zabala izan zen, haurreskoletan %80etik gorakoa; ikastoletan %80tik gorakoa; Irakasle publikoen artean %60tik gorakoa eta zerbitzuetako langileen artean %65etik gorakoa. Nafarroako irakaskuntza publikoan, Iruñea eta Iruñerriko D ereduko ikastetxe askotan jarraipena ia erabatekoa izan zen; eta eskualdeka, Baztan, Bortziri eta Malerrekan zein Leitzaldean oso zabala. Baita, ikastoletan eta haurreskoletan.

Komunikabideei dagokionez, EITB taldean grebaren jarraipena oso zabala izan zen, informatiboak bakarrik emititu zituzten (gutxieneko zerbitzuak). Honetaz gain, El Diario Vasco, Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia aldizkaria, eskualdeetako Hitzak, eta tokian tokiko komunikabide askok bat egin zuten grebarekin.

Industrian, ekoizpena eten zen lantegi handi askotan. Grebak jarraipen oso zabala izan zuen industrian, enpresa handi askotan gelditu zen ekoizpena.  Gipuzkoan ia erabatekoa zen (KSB ITur, Inda Taldea, Elmubas, Korta, Mendiaraz, Corrugados, Natra, Garay, Elay, Tesa, Yurrita, Arcelor Bergara, Ikankonitrek, CIE Legazpi, GKN, Indar, Hine, CAF Irun eta Beasain, Niessen, Lau lagun, Ubis, Mendiola, Ahlstrom, ITV zerbitzuak, Biele Azpeitia, Guerra Hnos Beasain, ABC Eibar, JMA, Indaux; kooperatibetan ere, langileek hala erabakita itxi egin dute honako hauek: Irizar, Orona, Fagor Electronica, Ulma Embedded, Ampo…, baita Nafarroako ipar-ekialdean ere (Funvera, Savera, Torraspapel, Lakuntza Calor, Barranquesa, Omnia, Magotteaux, Arcelor Lesaka, Portland, Aceros Moldeados, Gh Guema Manutención, Mecaisa….).

Jarraipen oso zabala izan zuen beste lurraldeetako enpresa garrantzitsuetan: Bizkaian (Cementos Lemona, Kide, Cikautxo, Nemak, Kauxot, Kutenik, Losal, Bruss, Pronutec, Teknia, Sermanfer, Winoa, Ingeteam, Alstom, Gestamp, Arisawa, Salica…), Araban (Cie Goian, AEG, Cie Nova Recyd, Cie Gameco, SAS Autosystemtechnik, Fibertecnic, Dominion, Tauxme, Wec, Arcelor, Laminaciones Arregui (%90eko jarraipenarekin). Eragin orokorraz gain, aipatzekoa da Aiaraldean izan duen eragina: Maderas de Llodio, Tubos Reunidos, Tubacex, Inausa, Amurrio Ferrocarril, Envases Metalírgicos, baita Iruñerrian ere (Kybse, Icer Rail. Ingeteam, TRV…). Aipatzekoak dira Bizkaian, kostaldeko kontserberak eta grafikagintza sektoreak. Nafarroako Erriberan, Congelados de Navarra, Uvesa, Florette, Viñedos Ría eta Huerta de Peraltan, besteak beste, lanuzteak eragin esanguratsua izan du.

Argi geratu zen manifestazioaren ondorengo mintzaldietan, gerraren aurkako eta justizia sozialaren aldeko greba izan dela, “hain zuzen ere, greba orokorrak prezioen garestitzeari aurre egingo dio, aberastasunaren banaketa justua, soldatak hobetzea eta gutxiengo soldata hemen erabakitzea aldarrikatuz; hain juxtu egoera areagotu, gaiztotu eta muturrera heldu den garaian AEBk eta Israelek egindako eraso inperialisten ondorioz. Aipagarria da garraiolariak direla bizitzaren garestitzea eta gasolioaren prezioaren igoerak jasaten lehenak.”

Bilbon ere manifestazio jendetsua egin zuten eguerdian.
Hiruko kide bat Gasteizko manifestaziora bidean.
Hiruko Eneko Berastegi eta Anjel Txokarro Iruñeko manifestazioaren buruan.
Jose Mari Osaren kamioiak ireki zuen Donostiako manifestazioa.