Garraiolariok 142 2026ko iraila
Paperetik pantailara
Informatika, konputagailu eta sakeleko telefono aurreratuak garatu ahala gutxiago erabiltzen dira paperezko agiri, dokumentu, txartel eta argitalpenak. Desagertzeko arriskuan den espeziea, elementua, bilakatu da papera. Egia da, gaur egun, laguntzak telematikoki eskatu behar ditu nahitaez. Urritik aurrera garraioaren informazioa QR batean eramango du garraiolariak kamioian. Polizi eta inspektoreak ez ditu jada «paperak» eskatuko. Euskarriak garrantzia galdu du. Paperezko diruak ere bai. Dena dago pantailan. Bilakaera honetatik ia ezer libratzen ez bada ere, ez ditzagun paperak galdu.
Eta, hain juxtu, Garraiolariok hauxe izango da esku artean izango duzun azkena. Segituko dugu egiten, baina, hurrengoa pantailan soilik irakurriko da. Ez da etxera posta arruntez helduko, ez da garraiolariak dabiltzan taberna, jatetxe, portu, industrialde eta beste guneetan banatuko. Digitala izango da. Posta elektronikoz zabalduko da, webgunean eta sare sozialetan. Aldaketa handia izango da, gizarteak hartu duen norabideari jarraiki.
Bilakaera zabala da paperetik eta euskarri fisikoetatik pantailara doana. Paperezko argitalpenak gero eta gutxiago saltzen dira. Diote arnasa hartuko duela planetak. Ez nago hain seguru. Zuhaitz gutxiago moztuko dira. Baina baliabideen ustiapena ez da utziko. Beste gai batzuk xahutuko dira. Ordenagailu eta telefono mugikorrak egiteko behar direnak. Eta ez dakigu horrek zein ondorio izango duen.
Inprentaren asmakizuna sekulakoa izan zen. Bost mende baino gehiago pasa dira 1450 inguruan Gutenberg-ek sortu zuenetik. Mundua aldatu zuen, liburuen zabalkundearekin batera etorri baitzen informazio eta jakituriaren hedakuntza. Ordura arte, aberatsek, jauntxo eta elizgizonek zeukaten eta zekiten. Eurek nahi zutenek. Herriak ez zekien irakurtzen ez idazten.
Orain, adimen artifizialak dakarren aldaketa eta eraginean sakondu gabe, argi dago paperak galdu duela presentzia, albisteak segituan zaharkitzen dira, paperean argitaratu orduko berriak baino zaharrak dira sare sozialetan uneoro berritzen direlako. Lehen zaharrak berri genion; orain, berriak zahar bilakatzen dira zabaldu orduko. Dena daukagu eskura. Begien aurrean, poltsikoan. Eta burumakur gaude, egun osoan.
«Cinco siglos después de la transformación social que supuso el descubrimiento de la imprenta las publicaciones de papel son un formato en extinción. El nuevo siglo nos pilla entretenidos, mirando a las pantallas»
“””
Garraiolariok 141 2026ko uztaila
Txoferrik gabeko kamioiak
Irudimen handia behar da ondoren azalduko dudana ulertzeko. Dena den, ez da berria, gure aiton amonek ez zuten pentsatuko noizbait norbait hegan ikusiko zutenik, telefonoz urrutira hitz egiten edo telebistan. Zientzia fikzioa zirudiena eguneroko bilakatzen ari da. Jakina da, bestalde, gerrak bultzatu duela azken mendetan teknologia eta aurrerapena. Askotan ikusi dugu jada, aurretik militarrak eta soldaduek erabilitakoak gerora iritsi direla guregana.
Teknologia nagusiki militarrek garatu dute, ez armei dagokionean soilik, telekomunikazioan esaterako; erabiltzen ditugun asmakizun asko armadek estreinatu dituzte, morsea, radarrak, GPSa, eta telefono mugikorrak, litiozko bateriak, Interneta, sateliteak eta abar militarrek erabili dituzte hiritarren aurretik. Erabiltzen ditugun hainbat aparatu edo zerbitzu.
Orain, Ukrainia eta Ekialde Hurbileko gerratan ikusi dugu piloturik gabeko dronen zehaztasuna. Bide luzea egin dezakete eta helmuga zehatzera iritsi. Teknologia aurreratua da honetan. Hori izan da azken afera horietan nobedade nagusia. Eraso arriskutsuak liratekeenak, merke burutu dituzte eta heriotzak saihestuz. Gidariak eroso daude, urruti, toki seguruan, bideojoko batean ari balira edo baleude bezala.
Gaur egungo gerratan gidaririk gabeko tanke, ontzi eta hegazkinak erabiltzen dira bajarik ez izateko. Pentsa garraiolaria etxean kamioiaren ibilbideari begira balego. Istripu arriskurik eta kontziliazio arazorik gabe. Kanpoan bazkaldu beharrik ez, lan baldintza onetan… Robot, ordenagailu eta makinek, fabriketan, ordainlekuetan eta beste hainbat esparrutan langilea ordezkatu duten bezala, gidaririk gabeko kamioiek hartuko al dute gaur egungo garraiolarien tokia?…
Oraingoz probak besterik ez dira, baina badirudi teknologikoki posible dela kamioia bera autonomo bilakatzea, edonora iritsi hustu eta itzuliko dela, nahikoa aurreratua da alde horretatik, eskubide, lege eta segurtasun kontuak argitu beharko dira hala ere.
Badirudi badatorrela, noiz ezin jakin. Ez dut urruti ikusten. Betikoa, hobekuntza danontzat izan beharko luke eta irabazia denon artean banatu. Dena den badakigu, plusbalioa betikoek beregan hartzen dutela. Herritar xumeak gero eta baldintza okerragoetan, batzuk, betikoak, ur bitsetan dauden bitartean. Txofer gutxi dagoen honetan batzuk erokeri gisa joko dute, Beste batzuk ordea aukera eta konponbide gisa.
Eta ez dut adimen artifiziala aipatu. Bihotzik gabeko mando militarrik ezagutu dugu, beraz okerrago ez luke egingo berez sentimendurik ez duen adimen artifizialak. Garapen teknologikoa izugarria da egun eta zalantzarik gabe gure garaia gizateriaren mugarri gisa hartuko dute hurrengo mendeetako historialariek.
«El avance tecnológico siempre beneficia a los mismos y no precisamente al profesional»
“””
Garraiolariok 139 2026ko martxoa
Denboraren orratza
Garraioa asko aldatu da XX. mendetik XXI.era. Lehen mapa zen oinarri, gaur egun erlojua, denbora. Mapa aldean hartu eta edonora joateko gai ziren garai hartako garraiolariak. Beste kontu askori, edota ezeri, begiratu gabe. Bazekiten noiz abiatuko ziren, baina ez zekiten noiz itzuliko ziren. Egun, GPSak ordezkatu du mapa, eta ez dago atzeratzeko eta bidean galtzeko aukerarik. Abentura kutsurik. Penagarria.
Erlojua baino kronometroa da egungoa, lasterketa batean gaudela dirudi. Nonbaitera edo zerbaitera iristeko atzera kontaketa etengabea. Orratzak aurrera baino atzeraka doazela esango nuke, egundo. Atzera doazen segundo eta minutuen kontaketa horrek iristeko presioa areagotuko du, zenbat falta zaigun adieraziko digu. Gaur egungo bizimoduaren isla latza dela ere esango nuke. Horretan datza.
Lehen denborak ez zuen hainbesteko garrantzirik. Iristea zen erronka eta helburua. Gaur ala bihar. Egun ez dago aukerarik, helburuak estuagoak dira, iritsi, iritsi beharra dago eta halako ordutarako, gainera, nahitaez. Tamalez.
Denbora oso estimatua da, baina, oro har, ez dugu ezertarako denborarik. Lanak, eta ezinbesteko bilakatu diren beste jarduera batzuek jaten digute denbora. Presaka gabiltza beti, eraginkortasunak baldintzatzen du denbora. Denbora galtzen dugu gustuko ez ditugun zereginetan, lanean, esaterako. Gure denbora da, baina ez erabat gurea. Bete beharrak ditugu, saihestezinak.
Naturaren erritmo motel hori bera ere, bizitu egin dela dirudi. Ez dago lasaitasunik, lasai lasai ibiltzerik. Ezin denbora izoztu eta gorde; gero, nahi dugunean, erabiltzeko. Ordaindu egiten digute, saldu egiten dugu eta ia ezertarako denborarik gabe bizi gara, erretxin, txin txin diruaren hotsa. Poz txikiak ditugu noizbehinka, geurea denean, libre gaudenean. Eskerrak.
Azkarregi dabil mundua. Azkar ematen du bere ardatzaren inguruan buelta, egunero; azkar ematen dio eguzkiari itzulia, bixkor pasatzen da eguna, astea, urtea. Korrika goaz hara eta hona, inguruaz gozatzeko tarterik gabe eta ez da hori ona. Eraginkortasuna da lehentasun eta arazo iturri. Ezinegona eragiten du, estuasuna, estresa, egonezina. Emaitza onen parametrotik ken dezagun denbora eta jarri osasuna.
Bazen gure herrian pertsona xelebrea, lagunartean elkartean zegoenean denbora oso bizkor joaten zela zioen, soziedadeko erlojuaren orratzak azkarrago zebiltzala fabrikakoak baino. Behin elkarteko erlojua eraman zuen lantokira, denbora azkarrago joango zelakoan, baina esperimentuak ez zuen funtzionatu.
«Ha cambiado el transporte del siglo XX al XXI. Hace unos años el transportista usaba mapas. Ahora se pierde con el GPS»
“””
Garraiolariok 135 2025ko uztaila
«Iaz 37 lagun hil ziren errepideetan»
Sarritan entzun dut irratian ondorengoa; noizbait, hemengoa sintonizatzen duen edonork entzungo zuen hauxe: «Iaz 37 lagun hil ziren Euskadiko errepideetan, zein izango litzateke zure ustez kopuru onargarriago bat? 20? agian 5? eramangarriagoa ematen du ezta? eta pertsona horien artean zure bikotekidea egongo balitz? edo zure alaba? Ezbeharren tasa murriztea zure esku ere badago, ez ahaztu, errepidean heriotza bakar bat ere ez baita onargarria. Eusko Jaurlaritza»; bai, noski; denon diruarekin ordaindutako iragarki hori entzuten dudan bakoitzean errepidean hil diren garraiolariez gogoratzen naiz.
Erraz aldatu daiteke mezua. «Errepidean 37 lagun hil ziren» esaten duenean esan dezakegu, «iaz 14 garraiolari hil ziren lanean ari zirela», edota «64 langile hil ziren iaz lan istripuetan».
Kopuru horiek inola ere ez dira onargarriak, ez eramangarriak. Baina ez dute iragarkirik horretaz, ezta neurritik hartzen gerta ez daitezen. Sarritan, ofizialki, denak ez dira zenbatzen, gainera; heriotza natural, edo trafiko istripu gisa jasotzen dira estatistiketan.
Tristeak dira heriotza guztiak. Hala ere, genero indarkeriarekiko, errepide istripuekiko eta beste zenbait ez-beharrekiko daukan sentsibilitaterik ez du gizarteak lan-istripuekiko. Ez gizarteak, ezta Administrazioak ere.
Emakumearen aurkako bortizkeria arazo larria da, gizarte mailan, akademikoki, komunikabideetan, sare sozialetan edo beste hainbat arlotan eta ahotan gero eta onartuago dagoena. Lan istripuekiko ez dagoen sentsibilitatea dago emakumeen aurkako bortizkeriarekiko, esaterako.
Lan istripu kopurua gehiegizkoa da, kontutan izanik, duela 30 urte martxan jarri zela Laneko Arriskuen Prebentziorako lehen araudia, langileen osasuna eta segurtasuna zaintzeko helburuarekin. 30 urte ondoren esan dezakegu enpresari askok ez dutela araudia betetzen, eta Jaurlaritzak beste aldera begiratzen duela istripuak gertatzen direnean. Sekula ez da segurtasun neurriak bete ez dituena zigortzen.
Lanean ari zirela 64 lagun hil ziren iaz Euskal Herrian, astero astero gutxienez bat hiltzen da. Hori ere ez da onargarria. Eta hilero hilero gutxienez garraiolari bat hiltzen da errepidean ez bada, kamioiaren kabinan. 65 urterekin gidatzen jarraitzen dute, bizkarrean hainbat tona daramatzatela, baina Administrazioak hainbeste urtean ez du adin horretara iritsi aurretik erretiratzeko aukera izan dezaten pausorik eman. Eta arriskuan jartzen dute ez bakarrik garraiolariaren bizitza eta osasuna. Errepidean gabiltzan beste guztiona ere bai. Hori ere ez da onargarria.
«Iaz 14 garraiolari hil ziren Euskadiko errepideetan, zein izango litzateke zure ustez kopuru onargarriago bat? 10? agian 5? eramangarriagoa ematen du ezta? eta pertsona horien artean zure bikotekidea egongo balitz? edo zure alaba? Ezbeharren tasa murriztea zure esku ere badago, ez ahaztu, errepidean heriotza bakar bat ere ez baita onargarria». Gure esku badago, eta agintarien esku ere bai. Beste norabait begiratzen dute.
«La siniestralidad laboral no surte la misma sensibilidad social que tiene la violencia de género»
“””
Garraiolariok 134 2025eko maiatza
Bixi poxik ez itzali
Garai bateko bixi poxak aspaldi itzali zitzaizkigun. Horixe ikusi nuen telefono, ordenagailu eta bonbillak itzali zitzaizkigunean. Ez telebistarik, ez musikarik, ez ordenagailurik, ez telefonorik, kalera atera zen jendea, lantoki edo etxetik astelehenean, apirilaren 28an, hain juxtu, laneko osasunaren eta segurtasunaren nazioarteko egunean.
Normalean egiten ez ditugunak egiteko. Aspaldi egin gabe geundenak. Auzokoekin berriketaldia, baserri ingurutik ibilaldia, momentuko ateraldia, garai bateko aisialdia eta arratsaldia: elkarri begiratu, hitz egin, ondokoari galdetu, ez telefono barruko ahots artifizialari. Oroitzapen ugari ere bazetozkigun burura. Etxetik kanpo, eguraldi, giro, eguzki, aire osasuntsu eta abarrez gozatzen genuen bitartean. Loraldia.
Lehen dena egiten genuen kalean, asteburuko plana, bikote eta lagun arteko harremanak, hitz aspertuak, kontrobertsia eta eztabaida politiko, sozial edo familiarrak, eta beste. Orain dena dugu eskura etxean, baina ez gabiltza pozarren, Zoriontsuagoak baino, ahulagoak gara. Pandemia garaian ere ikusi zen nahi dutena egingo dutela agintariek, eta eurek nahi dutena egingo dugula, artalde sumisook, euren hagin zorrotzen mende gaudela, alegia.
Gure seme alabek ezagutu ez dituztenak itzuli ziren une batez; kandelarekin bazkaldu, bazkalostean elkarrekin egon, hitzegin… Ohikoa izaten zen, gure baserrian, behintzat, bai, elurteetan edo haize zakarra zebilenean argi indarra joatea; hurrengo egunera arte ez zen etorriko, baina orduko baserri eta etxeetan ez ziren kandela eta linternak faltako, ezta irratirik ere, piladunak, noski. Gaur egun, telefonoa bateriarik gabe gelditu orduko ez linternarik, ez kalkulagailurik, ez irratirik, ez ordurik, ez ezer. Dena da telematiko; ez daukagu ezer paperean, ikasten ari bazara ezin ikasi, gestioren bat egin behar baduzu ezin kontsultatu…
Ezaguna izan zen New Yorken 1977ko itzalaldi famatua, bederatzi hilabetera jaiotzen hazkundea eman zela zioten, baina ez omen dago baby boom hori baieztatuko duen daturik. Legenda ote? Hori bai, argia joan orduko hasi zen kristal hotsa. Hainbat komertziotan izan ziren harrapaketak, mila denda baino gehiagotan sartu ziren lapurretara.
Orduan nahiko zen tximista batek argi indar transformadore bat jotzea argia joateko. Orain ziber atakea, berriztagarrien makro produkzioa eta horrelako azalpenak behar ditu gure jakin min asegaitzak.
Ba horixe. Ordu horietan, inor ez zen, buru makur, telefonoari begira. Askok, dena den, eskuan zeramaten berriro sarera lotzeko esperantzarekin, behin konexioa itzulita denborarik galdu gabe gertatu denari buruzkoak partekatzeko. Momentu bereziak, bitxiak, harrigarriak… liluragarriak. Piztu bonbilla, baina burukoa.
«Hace tiempo que se apagaron las ideas… Todo es artificial, ahora, hasta la inteligencia»


