Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Justizia eskaera martxoaren 3an Gasteizen, poliziaren sarraskitik 50 urte pasa ondoren

Hiru sindikatuak ere parte hartu du, martxoaren 3an, 1976an Gasteizen langileen aurka poliziak burutu zuen sarraskia salatzeko egindako ekintzetan. Aurten 50 urte bete dira euren eskubideen alde borrokan ari ziren eta hiriburuko San Francisco elizan bilduta zeuden langilen aurka poliziak tiro egin eta bost lagun hil zituenetik. 

Milaka lagunek oroitu zituzten martxoaren 3an goiz eta arratsaldez 1976ko sarraskiaren biktimak 50. urteurreneko ekitaldietan. Alderdi politiko, sindikatu eta beste zenbait elkartetako ordezkariek justizia eskatu zuten; 50 urte pasa ondoren oraindik gauza asko argitzeko daudela gogorarazi zuten.

Hiru sindikatuko zenbait partaide izan ziren Gasteizen. Goizean guztien izenean Jesus Lafraguak jarri zuen lore sorta Zaramaga auzoan biktimen omenez jarrita dagoen oroigarrian. Arratsaldeko ekitaldietan ere parte hartu zuten. 

Mende erdia igaro bada ere, 1976ko martxoaren 3an gertatutakoaren zauria oraindik ez da itxi. Hala gogorarazi zuten matxoaren 3an sarraskiaren 50. urtemuga oroitzeko antolatutako ekitaldietan. 50 urte bete dira Espainiako Polizia Armatua Gasteizko San Frantzisko elizan bilduta ziren langileen aurka indarrez oldartu zenetik, eta bost langile hil eta 150 zauritu zituenetik. Biktimen senideak justizia eske aritu dira ordutik, eta Madrileko agintariei ardura bere gain har dezatela galdegin diote behin eta berriz. Baina halakorik ez da etorri bost hamarkadako bide luzean. Aurten ere ez, Madrilek adierazpen bat onartu badu ere. Horregatik, Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek adierazi zuten memoria guztiz osatu arte borrokan jarraituko dutela.

Egun osoko ekitaldien bidez gogoan izan dituzte poliziak duela 50 urte hildako bost langileak: Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia, Pedro Mari Martinez Ozio eta Bienvenido Pereda Moral. Baita egun hartan zauritu zituztenak ere. 

Arratsaldean egindako omenaldi nagusietan jendetza bildu zen. Hunkigarriak izan ziren bai goizean Zaramaga auzoko oroitarrian eginiko lore eskaintzan, eta baita arratsaldean Andre Maria Zuriaren plazan egindako urteurreneko ekitaldi berezian.

Sindikatuek egunean zehar gogorarazi zuten justizia eta memoria oraindik egiteko daudela eta Espainiako Gobernuari eskatu gertatutakoaren erantzukizun zuzena onartu dezala. «Egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak exijitzen ditugu beste behin ere», adierazi zuen Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko ordezkariak. Hutsune hori estaltzeko urteetan biktimen elkarteak egindako «ezinbesteko lana» goretsi zuen, eta azpimarratu oroimenerako zentroak gertatu zena eta gertatu ez zena ere jaso behar duela. “Soilik horrela bermatuko baita memoriaren transmisioa”. 

Greba orokorra gogoan
Atzera begiratzeari utzi gabe, aurrera begira ere jarri dira sindikatuak. Izan ere, adierazi zuten orduko borrokak gaur egungoa ere elikatzen duela. Eta, hain justu ere, gogora ekarri zuten martxoaren 17rako greba orokorrerako deia egina duela gehiengo sindikalak, Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea eskatzeko. Oroitarazi dute gaur «soldata duinak» aldarrikatzen dituzten bezala, 1976an ere soldata igoeren, 40 orduko lan astearen eta gaixoaldi ordainduen eskean zirela langileak.

Baina orduan bezala orain ere, ez patronalak eta ez gobernuak ez dituzte aldarrikapenak onartu nahi, sindikatuek kritikatu zutenez. Horregatik, azpimarratu zuten langileek «borroka» egin beste aukerarik ez duela. Borroka, erosteko ahalmena galtzearen aurka, desberdintasun sozialen igoera jasanezinaren aurka, eta soldatetan eta pentsioetan dauden arrakala matxista eta arrazisten aurka. «1976ko martxoan zauritu eta jotako pertsona guztiei eta urte hauetan guztietan borrokatu diren eta gaur egun mundu eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten alde borrokatzen diren guztiei zor diegu».