Nafarroako garraiolari autonomoek laguntza jasoko dute 2026an Foru Gobernutik kamioiak behin betiko erretiratu eta txatar bihurtzeagatik. Zuzeneko dirulaguntza da, kamioi zaharrei behin betiko baja emateagatik, ez da ibilgailu berririk erosi beharrik. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik eta 2026ko urriaren 31ra arte zabalik badago ere, hobe da lehenbailehen egitea, aurrekontua amaitu arte emango baita. Interesatuek informazio gehiago jaso dezakete Hiru sindikatuak Galarren dituen bulegoetan, 948 281 024 telefono zenbakian edota nafarroa@hiru.org helbide elektronikoan.
Dena den, esan bezala, sindikatuak garraiolariei gomendatzen die ez itxaroteko, laguntzak eskaeraren arabera emango baitira, txatar bihurtutako ibilgailuentzat onartutako aurrekontua agortu artean iragarritako epearen barruan, hau da, 2025eko azaroaren 18tik 2026ko urriaren 31ra bitartean.
Gehienez ere hiru kamioientzat egin dezake eskaera garraiolari autonomoak. Enpresentzat diru-laguntza bikoitza da, enpresa bakoitzaren eskaeren muga sei kamioikoa baita. Nafarroako buletinean argitaratutako oinarrien arabera, eskaera guztiei erantzun ondoren aurrekontua egongo balitz, bakoitzari jarritako topeak kendu daitezke eta gehiagorentzat eskatu.
3,5 eta 12 tona bitarteko gehieneko masa N2 kamioientzat, eta 12 tonatik gorako N3 kamioientzat eskatu daiteke dirulaguntza baldintza batzuk betez gero: konbustio-motorra eduki beharko dute; Euro VI araudia edo ondorengoak; gutxienez azken hamabi hilabeteetan eskatzailearen izenean, zirkulazio-zerga ordainduta Nafarroako udalerri batean eta IATa indarrean ibilgailua entregatzeko momentuan. Era berean, kamioiari behin betiko baja eman beharko zaio Ibilgailuen Tratamendurako Zentro Baimendu batean. Praktikan, Euro III, Euro IV eta Euro V kamioi gehienek baldintza horiek betetzen dituzte eta laguntza jaso dezakete.
Esan bezala, eskatu daiteke jada erretiratutako ibilgailuentzat, hau da 2025eko azaroaren 18tik aurrera txatarretara bidalitakoentzat, baldin eta eskatutako gainerako baldintzak betetzen badituzte. Laguntza telematikoki eskatuko da Nafarroako Gobernuaren Atariaren bidez. betebeharrak
Zenbait agiri ere aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera: IAT gaurkotua ; zirkulazio-zergaren azken urteko ordainagiria; baimendutako enpresa batek emandako ibilgailuaren behin betiko baja-ziurtagiria; kamioiaren zirkulazio-baimena; ibilgailuaren Euro araudiaren egiaztagiria eta dirulaguntza ordaintzeko banku-kontuaren zenbakia.
Laguntzaren zenbatekoa 5.000 eurokoa izango da gehieneko masa 3,5 eta 12 tona bitarteko N2 kamioientzat; 7.000 eurokoa 16 tona baino gutxiagoko baimendutako masa duten N3 ibilgailuentzat, eta 10.000 eurokoa 16 tona baino gehiagorako baimena dutenentzat. Zuzeneko laguntza ekonomikoa da, eta ez dago lotuta ibilgailu berri bat erostearekin, ezta inolako finantzaketarekin ere. Garrantzitsua da dokumentazio guztia zuzena dela eta baldintza guztiak betetzen dituela eskaera egin aurretik egiaztatzea. Aldizkari ofizialean eskatzen diren baldintzak
Eskaera modu telematikoan egin behar da, Nafarroako Gobernuaren Atariaren bidez, esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-empresas-para-el-achatarramiento-de-vehiculos
Tramiteak egiteko beharrezkoa da ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa izatea.



