EAEko Mugikortasun Iraunkor eta Azpiegitura Sailak 110.000 euroko aurrekontua onartu du “garraio publikoaren sektorea modernizatzeko”. Beraz, laguntzak emango ditu kamioietan hainbat segurtasun eta kontrol sistema jartzeko: lokalizazio eta kudeaketa sistemak, GPSak edo antzekoak, beti ere kontrol-sistema batean integratuak badaude; segurtasun-elementuak, hala nola guraizeen aurkako sistemak, suteak detektatzeko eta itzaltzeko teknologiak, gidatzeko maniobrak errazteko eta hobetzeko kamerak edo talkak saihesteko sentsoreak; gidatzerakoan eraginkortasuna hobetzeko tresnak, bigarren belaunaldiko takografo adimendunak eta istripuak gertatzean kontrol postuetara abisu automatikoak edo larrialdi-deiak bidaltzeko aparatuak.
Kamioi berrientzat ere eskatu ahal izango da elementu horiek erosteko laguntza, takografo adimenduen kasuan izan ezik, betiere ibilgailua 2025ean zehar eta azaroaren 30a baino lehen erosi bada eta hobekuntzak jartzea aukerakoa bada. Fakturan argi eta zehatz bereizita egon beharko dira ibilgailuaren kostu orokorra eta aukera horien zenbatekoak. Ez da diruz lagunduko ibilgailu berrietan bigarren belaunaldiko takografo adimendunak instalatzea. Soilik aurretik takografo berririk ez zuten ibilgailuetan jartzen bada eskatu ahal izango da laguntza.
Laguntza hauek bateraezinak dira “next fondoak” izeneko programaren bidez emandakoekin, beraz horiek jaso dituenak ezin du eskabiderik egin. Hau da, laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik ezeztatu behar da bestea; edota, nahitaez uko egin behar zaio, beti ere kobratu aurretik, eskabidea egin ahal izateko.
Guztira 110.000 euroko aurrekontua du egitasmoak, egindako gastuaren erdia ordainduko da, hau da, kostu osoaren % 50 lagunduko da diruz, gehienez ere 5.000 euroko mugarekin garraiolari autonomo onuradun bakoitzeko. Dena den, aurrekontua nahikoa ez bada, aurkeztutako eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, baldintzak betetzen dituzten guztien artean.
Eskaera egiteko inprimakia helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2025/teknologia-berriak-2025/web01-tramite/eu/
Laguntza eskatu ahal izango dute EAEn egoitza duten salgaien edo bidaiarien errepideko garraioaren sektoreko garraiolari autonomoek, enpresek edo kooperatibek, baldin eta baimena badute, gutxienez 3 kopiarekin. Egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; eta dirulaguntzak jasotzea mugatzen dien zigor administratibo edo penalik ez. Interesdunek informazio gehiago eska dezakete DT-Trans@euskadi.eus helbidean.



