Kamioientzat bidesariak iragarri ditu Bizkaiak; epai judizialak saihesteko trikimailuak agerian Gipuzkoan

Agerian da Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek diru premia dutela aurreko urtetan egindako inbertsio neurrigabeek eragindako defizitari aurre egiteko eta garraiolarien poltsikotik ordaindu nahi dutela. Zenbait errepidetan kamioiei bidesaria jarriko zaiela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Epaitegiek sistema bertan behera bota duten arren garraiolariei kobratzen jarraitzen du Gipuzkoakoak.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez 2022ko udazkenetik aurrera hainbat errepidetatik igarotzeko bidesaria ordainduko dute garraiolariek, “Lurraldean kamioien trafikoa autobideetara bideratzeko”. Hori omen da helburua, aitzakia sindikatuaren iritziz, izan ere, “N-240, BI-625 eta Txorierriko korridoreetan gaur egun gertatzen diren desorekak zein baldintza txarrak murriztu nahi badituzte, CO2 isuriak murriztu eta errepideko segurtasuna hobetu, oso erraza daukate, autopistan kamioiei bidesaria ken diezaiekete, konponbide ona litzateke, baina errepide txikietan tasa jarrita, berriro ere agerian geratzen da Administrazioak dirua biltzeko daukan premia, aurreko urteetan dirua neurrigabe xahutu zutelako azpiegitura handietan.

Gipuzkoan anabasa handia da kamioiei jarri zitzaien tasaren inguruan. Bertan, are nabarmenagoa baita garraiolarien kontura dirua biltzen jarraitzeko erabakia. Auzitegiek bertan behera utzi dituzte bidesaria arautzen zuten foru arauak, baina Bidegiko eta Foru Aldundiko arduradunek ez dute bertan behera utzi, trikimailuak darabilzkite garraiolariei tasa kobratzen jarraitzeko. Gaur jakin dugu ez dutela dekreturik onartuko hirugarren foru araua indarrean jarri bitartean bidesaria kobratzen jarraitzeko. Baina ez dute sistema kentzeko asmorik, harik eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ez dakigu ondo zein epai argitaratu arte. Ia hilabete igaro da Auzitegi Gorenak helegiteak atzera bota zituenetik. Hiru sindikatuaren ustez bada garaia, sistema bertan behera utzi eta 2018ko urtarriletik garraiolariei bidegabeki kendutako guztia automatikoki itzultzeko. 

Hiru sindikatuaren ustez, bidegabekeria handia da garraiolariak ordaintzera derrigortzea, baztertzailea beste erabiltzaileek ez dutelako ordaintzen. Errepidea erabiltzen duena garraiolariak daraman produktu edo materiala bera da. Garraiolariak zerbitzu “funtsezkoa” eta publikoa egiten du, enpresek eta, oro har, gizarteak eskatzen dituenak garraiatzen ditu. Ez du zertan bi aldiz ordaindu beharrik errepideak mantentzeko. Zergatan jada asko ordaintzen du. Errepide sarea ondasun publikoa bada, guztiok ordaintzen ditugun zergekin finantzatu beharko litzateke.