Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kontrol Agiri Digitala martxan jartzerakoan izan den nahasmendua salatu dute Hiruko garraiolariek

Administrazio Kontrolerako “DeCA” agiri elektronikoa martxan jartzerakoan egon den nahasmendua kritikatu dute Hiruko garraiolari autonomoek; urriaren 5etik ez du paperezko agiriak balio, nahitaez QRa daukan agiria eraman behar du garraiolariak kamioian. Garraiolariek, oro har, ez dute erraztasunik izan. Informazio eta egokitzapen falta nabarmendu dute. 

Ministerioak ez du prozesuaren berri nahikoa eman, ez da egon 10 hilabeteko egokitzapenik, urte hasieratik urriaren 5era ez da agiria egiteko aukerarik eman, eta ondorioz, garraiolariek denbora eta energia asko galdu dute azken asteotan Garraio Ministerioaren plataforma sinplea izeneko webgunean kontrol-dokumentuak sortzeko ahaleginean. 

Urriaren 1era arte ez zuen ministerioak garraiolari autonomoaren eskura jarri agiriak egiteko “Simple” modulua. Ministerioaren web orrialdeak ematen zuen kontrol-dokumentuak sortzeko aukera, beste gestio batzuk egiteko bezala, baina gorabehera, zailtasun, arazo tekniko eta operatibo ugari pilatu zaizkie saiatu direnei. Horregatik pentsatu du garraiolari autonomo askok, guztiaren helburua, ordainpeko plataformak kontratatzea zela, ministerioak horretara bideratu nahi zituela garraiolariak, hau da beste erremediorik ez, eta dokumentu digitala nahi izanez gero, paperetik pantailarako trantsizioa egiteko, ordaindu egin beharko zutela; zerbait egin behar unean uneko kaosa eta urriaren 5a gainean zela ikusita. 

Sindikatuaren kexa ministerioan
Irailaren 30ean, DeCAren derrigortasuna indarrean sartzeko astebete falta zenean, Hiru garraiolarien sindikatuak kexa bat bidali zuen ministeriora, batetik Administrazioak DeCAk sortzeko nahiko informazioa ez duelako eman eta “plataforma sinplean” eskainitako aukerak ez zuelako funtzionatzen. Ez da prozesu erraza izan, nahiko konplexua saiatu ziren garraiolarientzat.
Sindikatuak ministerioari adierazi zionez, kargatzaileak ez badio garraiolariari DeCArik ematen eta berak sortu behar badu mugikorrarekin kamioian bertan “nekez lortuko du”. Sindikatuak azaldu zien ziurtagiri elektroniko batekin erregistratzeko zailtasunei, agiri elektronikoa egiteko korapiloa gehitu zaiola; “prozedura konplexua” sindikatuaren ustez, leihatila eta atal guztiak betetzeko. Hiruk ministerioari bidalitako mezuan gogor kritikatu du agintarien jarrera: “autonomoez ahaztu dira: oinarrizko datuak jaso eta DeCA sortzeko app sinple bat sor zezakeen, baina ez; sistema erabilgaitz eta traketsa sortu dute, kontrol-dokumentu soil bat egiteko denbora eta abilidade ugari eskatzen dituena”.

Hiruk ministerioaren web orria zuzentzeko eskatu zuen, prozesua errazteko, benetan sinplea izango zen plataforma bat jartzeko, garraiolari guztientzat eskuragarri: “ez gehiago bizitza zaildu garraiolariari. Jarri ezazue, mesedez, autonomoentzako sistema arin, erraz eta irisgarri bat, garraiolariak ez dezan alperrik ez denbora ez dirurik galdu”. Hiruk kexa bidali eta biharamunean heldu zen konponbidea. 

Ministerioak https://apps.fomento.gob.es/deca/login lotura bidali zion sindikatuari. Bertan aukera ematen zaio garraiolariari modu errazean erregistratzeko, ziurtagiri elektronikorik eta aplikaziorik erabili gabe, eta formulario bat betetzeko garraioaren datu guztiekin, kargatzailea, garraiolaria, ibilgailua, data, salgaiaren informazioa, jatorria eta helmuga,  eta oharren bat nahi izanez gero, besteak beste. Doako “DeCA modulua” da, eta kontrol agiriak egiteko balio du soilik. 

Beraz, urriaren 1era arte, Hiruko garraiolari autonomoek ezin izan zuten kontrol elektronikoko dokumenturik sortu “Plataforma Simple” doako webgunean; behin DeCA agiriak erraz sortzeko orrialde eta eredu hori eskura jarri zaien arte. 

Ministerioak azken orduan eman du aukera, urriaren 5a hurbil zela, hilabete hasieran. Eta, abian jarri ondoren, tamalez, sarri egon dira “aldi baterako etenda” eta “berriro saiatu” bezalako mezuak garraiolari batzuek adierazi dutenez.

Irailean zehar garraiolari asko erotu egin ziren Kontrol Digitaleko Dokumentua sortu nahirik. Plataforma digital sinplea ez zen hain sinplea, oso konplexua zen dokumentua sortzea, aplikazio bat deskargatzea, bi gailu erabiltzea eta abar eskatzen zuen. Azken astetik aurrera dokumentua sortzeko prozesua erraztu zen.

Horregatik guztiagatik, Hiruko garraiolari autonomo askok kritikatu dute prozesu guztia. Garraiolarien ustez, ordaindutako zerbitzu pribatuak bultzatu dira, asko kanpoko laguntza eskatu eta zerbitzu horiek kontratatu beste erremediorik ez dute ikusi. Asko daude, prezio eta eskaintza zabala da. Oro har, prozesua traketsa izan dela kritikatu dute. Plataforma Sinpleko sistemak ez zuen funtzionatzen, oso konplexua zen. Eskerrak urriaren 1ean aukera berria jarri zitzaien eskura, sindikatuak bidalitako kexaren ondoren.

Nabarmendu behar da araua 2025eko abendutik zegoela indarrean, ordutik zela martxan 9 hilabete baino gehiagoko egokitzapen tartea, baina ez dela sektorea prestatu eta funtzionamendu berrira ohitzeko ezer egin. Ministerioak Hiruri argudiatu zion bere webgunean DeCAri buruzko informazioa ematen duela, bai araudiari buruzkoa, bai ohiko galderen atalean beste alderdi batzuei buruzkoa, eta 4.000 pertsonak baino gehiagok ikusi zituztela gaiari buruzko aurkezpenak edo webinar ikastaroak ekainean eta uztailean. “Sentitzen dugu webinarrei buruzko informazioa iritsi ez bazitzaizuen. Hala ere, lanean jarraitzen dugu DeCAri buruzko zabalkundea hobetzeko”.

Hiru eta beste elkarte batzuetako garraiolariek urrira arte ez zuten izan kontrol-dokumentuak sortzeko moduluaren berri. Erregistratzeko nahiz datuak betetzeko metodo sinple eta praktikoa da. Telefono mugikor batekin ere erregistratu zaitezke eta datuak bete.