Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Lan istripu eta heriotzen salaketa Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialen batzordean

CGT, LAB eta Hiru sindikatuetako ordezkariek lan istripu eta heriotza kopuru handia salatu dute Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialen batzordean, ekainaren 3an. 2025eko lan istripuen txostena aurkeztu zuten Parlamentuan, 84 langile hil ziren lan istripuan iaz Euskal Herrian, horietatik 22 garraiolariak, 9 Nafarroan. 

LABeko Inko Iriartek hiru lerroburu nabarmendu zituen: batetik, 30 urte daramatzagula lan osasun eta segurtasun prebentzio planekin; hala ere, 2025ean 84 langile hil zirela Euskal Herrian lan istripuetan eta 10 urtetan 696 hil direla. Absentismoaren inguruko hausnarketa ere plazaratu zuen, “prebentzio gutxien egiten den arloetan da baja kopuru handiena”, istripu ez traumatikoen igoera salatu zuen, gero eta langile gehiago hiltzen dira bihotzekoen ondorioz, eta baita lan gaixotasunak ez direla aitortzen ere, baja arrunt asko daude, ez direlako lan baldintzen ondorio direnak aitortzen. 

Hiru sindikatuaren izenean Alberto Nuñezek lan istripuan hildako garraiolariei dagokionez aspaldiko urterik gogorrena izan dela adierazi zuen. “Aspaldiko urterik latzena izan da lan istripuan hildako garraiolariei dagokionez. 2025ean 22 garraiolari hil ziren Euskal Herriko errepidetan. Nafarroan 9 izan ziren. Den denak ez ziren hemen hil, kanpora ere joaten baitira hemengo garraiolariak; hemen hildako garraiolari denak ere ez dira hemengoak, kanpokoak ere badabiltza gure artean, eta den denak ez dira errepidean hil, askok kamioiaren kabinan zain zeundela galdu baitute bizia bihotzekoaren ondorioz”. 

Beraz, Euskal Herrian iaz lan-istripuan hil diren 84 langiletatik laurdena pasa, 22, izan dira garraiolariak. Datu esanguratsua da. Aipamen berezia eskatzen du garraioaren sektorean gertatzen diren istripu larrien kopuruak. Gero eta estuagoa da garraiolariaren lanbidea, gero eta istripu gehiago gertatzen dira eta 2025ekoa azken urteotako estatistikarik txarrena izan da. 

Argi dago Nafarroako errepidetan istripu asko gertatzen dela. “Ezin ahaztu istripu batean, lau garraiolari hil zirela Fiteron 2025eko martxoaren 5ean, gauez. Goizaldera bi kamioik aurrez aurre talka egin eta lau garraiolari hil ziren, bi emakumezko eta bi gizonezko, Iruñea eta Madril lotzen dituen N113 errepidean, 101 kilometroan, Fitero parean. Lauak garraiolariak, txandaka gidatzen zuten. Gero, abuztuaren 27an, beste garraiolari nafar bat hil zen, goizeko 4.00etan, AP15ean, Erriberri parean, Iruñerako noranzkoan. Kamioia errepidetik artera, irauli eta bertan hil zen 38 urteko garraiolaria. Esanguratsua da istripu hau ere goizaldeko 4:00ak aldera gertatu zela”. 

Jakina da istripu hauek sektoreko baldintza txarren ondorio direla. “Fiteroko kasuan esanguratsua da bai istripua gertatu zen ordua eta baita bina gidari zihoazela ibilgailu bakoitzean ere: goizeko lauetan lanean ari ziren garraiolariak, gehienok atseden hartzen gauden orduan. Kamioi bakoitzean bikote bat zihoan, biak garraiolariak”. 

Kasu honetan, bi txekiarrak eta beste biak bulgariarrak. “Jokabide oso arriskutsua da bi gidari joatea kamioi bakoitzean, bat gidatzen ari den bitartean bestea «atseden» hartzen; garraiolariak, geratu gabe gidatzen, gau eta egun; kamioia 18 ordutan martxan, ez da behar bezala atsedenik hartzerik. Euskal Herrian sekula gertatu den lan istripurik larrienetarikoa da”.

Aipagarria da era berean, beste sektoreetan bezala asko direla heriotza ez traumatikoak, hau da, garraiolari asko hiltzen dira kamioiaren kabinan bihotzeko arazoren baten ondorioz. “Bederatzi izan dira 2025ean. Horregatik, aspalditik ari da Hiru Sindikatua, lan arriskuen plangintzak egiten direnean, garraioan gertatzen den bihotzeko arazo kopuru handia kontutan izateko eskatzen”.

Hildako garraiolarien adina ere azpimarratzekoa da. “Errepidean hiltzen diren garraiolarien artean gehienak 50 urtetik gorakoak dira; asko dira 60tik gorakoak, jada erretiratuak egon beharko luketenak. Jakina da, 60 urtetik aurrera arrisku handiagoa duela garraiolariak, harreta galdu, bihotzekoa izan edota, oro har, istripua izateko.Horregatik, aspalditik eskatzen ari da Hiru Sindikatua garraiolariei 60 urterekin erretiratzeko aukera eskaintzeko. 40 tona daraman garraiolariaren beraren bizitza eta osasuna arriskuan delako. Eta errepidean dabiltzan beste gidariena ere bai”. 

Berez kopuru orokorra latza da. 9 garraiolari hil dira lan istripuan 2025ean Nafarroan, 22 Euskal Herrian, iaz baino 8 gehiago-. 2024an 14 izan ziren. Eta hori guztia, NOPLOIk eta OSALANek ez dituzten arren heriotza asko lan istriputzat jotzen. Esaterako Fiteron hildako lau garraiolariak ez dira Nafarroako estatistika ofizialetan ageri. Trafiko istripu soila da Administrazioarentzat, ez da lan istripua. “Batetik, lan eta segurtasun arauak betetzeko eskatzen ari gara; bestalde, Administrazioak ez dezala beste aldera begiratu, arauak betearazi ditzala; eta, azkenik, gertatzen diren istripuak ondo jaso daitezela. Garraiolari batek ere ez dezan errepidean bizia utzi”.