Beste garraiolari bat hil da bere kamioian. Estatistika tragikoa gizentzen ari da. Dagoeneko hamaika garraiolari hil dira aurten Euskal Herriko errepideetan. Oraingoan Irunen gertatu da, 56 urteko garraiolari nafar bat hil da bihotzekoak jota. 54 langile hil dira, jada, aurten Euskal Herrian saihestu zitezkeen istripuetan.
LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuek elkarretaratzea egin dute eguerdian Donostian, “prekarietateak hil egiten du. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte “, leloarekin, garraiolaria gogoratu, heriotza eragin duen lan istripua salatu eta heriotza hauek prekaritate eta lan baldintza kaskarren ondorio direla agerian uzteko.
Protesta, Donostian, Loiola auzoan, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean egin da, azaroaren 15ean, ostiralean, eguerdian: langileek erretiro duina izateko eskubidea aldarrikatu dute, langile ororen adina 60 urtera aurreratu dadila, batez ere ezbeharren bat izateko arriskuan daudenena. Azken urteetako kontrako joera kritikatu dute euskal sindikatuek: beharrezko kotizazio-urteak luzatu dituzte eta erretiroa hartzeko legezko adina atzeratu.
Garraiolarien kasuan, aldarrikapen historikoa da 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea. Hiru sindikatuak urteak daramatza garraiolarientzako erretiro aurreratua aldarrikatzen; 60 urterekin, beste profesional batzuei aitortzen zaien bezala, esaterako poliziei edo suhiltzaileei. Lanaren Nazioarteko Erakundeak, zuzenean lotzen ditu garraiolarien adina eta sektoreko arriskua: “Izan ere, 55 urtetik gorakoen lan-istripu kopurua garraioan hiru aldiz handiagoa da gainerako lanbideetan baino. Era berean, Hiruk eskatu du garraiolariek duten bihotzeko eta gaixotasun kardiobaskularren kopuru altua kontuan hartu dadila laneko arriskuen prebentziorako plangintzak finkatzerakoan.
Aurten istripuan hildako ia garraiolari guztiek 50 urte baino gehiago zituzten eta horietako askok bihotzekoak izan dituzte. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten lan-baldintzak ez direlako duinak edo interesgarriak. Ondorioz, gero eta heriotza gehiago gertatzen ari dira.
Argi dago adin horretatik aurrera arreta gal dezaketela gidatzerakoan, arrisku handiagoa dutela bihotzekoa eta ondorioz istripua izateko, garraiolariaren beraren eta errepideetako gainerako erabiltzaileen bizitza arriskuan jarriz. Kontuan izan behar da garraiolariek tona askoko karga daramatela bizkarrean, eta bezeroek presa edo presioa eragiten dietela sarri.
Estatistika latza da, hilero garraiolari bat hiltzen da errepidean. Azarorako 11 dira aurten hildako garraiolariak. Alperrik dira estatistikak arintzeko administrazioaren trikimailuak: trafiko-istriputzat hartu nahi dituzte, noski, berez, lan-istripu direnak. Garraiolariaren ezbeharra lan-istripua da, argi eta garbi, errepidean ari baita lanean. Euskal sindikatuek behin eta berriz salatu dute lan-baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuei buruzko araudiak betetzen, irabaziak eta etekinak lehenesten baitituzte langileen bizitza eta osasunaren gainetik. Bestalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko baliabiderik jartzen ez neurririk hartzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten: ez dago ikuskatzaile nahikorik eta arau-urraketak ez dira zigortzen.
Euskal sindikatuek eskatu dute edozein langilek izan dezala 60 urterekin erretiro duina hartzeko aukera. Batez ere, ezbeharren bat izateko arrisku handiagoa dutenek, hau da, laneko ezbehar tasa handiagoa duten lanbideetako profesionalek. Ez dezatela pentsio-sistemaren “finantza-oreka”ren aitzakia erabili adina atzeratzeko. Izan ere, azken urteetako erabakien joera, oro har, kontrakoa da: beharrezko kotizazio-urteak luzatu dira, eta erretiroa hartzeko adina atzeratu. Argi ikusi da hori, bai CCOO eta UGT sindikatuek patronalekin egindako gizarte-akordioetan, eta baita Gizarte Segurantzako arduradunek izan duten jarreran.