Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Lan istripuek eragindako heriotzak salatu dituzte Iruñean euskal sindikatuek

Lan istripuek azken egunotan eragindako heriotzak salatu dituzte Iruñean euskal sindikatuek LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE,Hiru eta CGT sindikatuek ostiralean, irailaren 10ean, goizeko 11: 00etan, ordu erdiz, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Hainbat pertsona elkartu dira bertan lan istripuetan izandako azken heriotzak salatzeko.

Joan den larunbatetik lau pertsona hil dira, horietako bat, azkena, Irungo garraiolaria, Igantziko harrobian asteazkenean, lanean ari zen kamioia irauli ostean hila.Iraila beltza izan da, laneko istripuei dagokienez. Hileko lehen egunetan lau langile hil dira beste hainbeste lan istriputan, eta dagoeneko 46 dira 2021ean hildakoak. Asteazken eguerdian garraiolari bat hil zen Igantziko harrobietan izandako lan istripuan, materiala husten ari zela kamioia irauli ostean, laugarren hildakoa da joan den larunbatetik Euskal Herrian.

Hilaren 4an, larunbatean, Berriozarreko 54 urteko langile bat hil zen Berriobeitiko enpresa batean pala batek harrapatuta; hilaren 6an, astelehenean, bi langile hil ziren; bat Arabako Zanbrana herrian zuhaitzak mozten ari zela, eta IAN enpresakoa bestea, Azkoienen, “In itinere”, zirkulazio-istripu batean, lantokirako bidean.

Lan istripuan langile bat hiltzen den bakoitzean prebentzio-neurri egokiak eta lan baldintza kaxkarrei aurre egingo dieten erabakiak eskatzen dituzte euskal sindikatuek, horiek baitira Euskal Herriko lan ezbeharren arrazoi nagusiak. Frogatuta dago lan-prekarietateak hil egiten duela. Halaber, sindikatuek salatu dute enpresetan segurtasun neurri egokirik ez izateak eragiten dituela laneko heriotzen herena baino gehiago.

Administrazio eta erakundeek, sarri, beste aldera begiratzen dute istripuak gertatzen direnean. Onartezina, eta arduragabekeria mingarria da gai honetan dagoen utzikeria. Prebentzio-neurri egokirik ez izateak ondorio larriak ditu lantokietako lan-osasunean. “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” da LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek lan istripuan langile bat hiltzen den bakoitzean erakusten duten pankartaren leloa. Ostiralean, 11: 00etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkartu dira hainbat lagun, Iruñean, azken lau heriotza horiek salatzeko.