Iazko lan heriotza kopurua azarorako gainditu dela salatu dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde, HIRU eta Nafarroako CGT sindikatuek azaroaren 20an. Urtea amaitzeko 40 egun falta badira ere, jakina da jadanik, iaz baino langile gehiago hil direla aurten; 65, guztira, lan istripuetan Euskal Herrian, iaz baino bat gehiago.
Heriotzen kopurua jasangaitza da. «Datuek erakusten dute, urtez urte, lan osasunean, aurrerapausoak eman beharrean, atzera goazela». Iaz urte osoan 64 langile izan ziren hildakoak, eta aurten jada gainditu da kopuru hori, azaroaren 19 eta 20an azken bi istripu larrietan zerrenda gizenduko duten beste bi heriotza zenbatuta. Egoera egonkortze bidean zela zirudien arren, azken urteotan lan istripuetan hildakoen kopuruak goranzko joera izaten ari da.
Egoera ilunena Nafarroakoa da. 2024ak 17 hildako utzi zituen, eta aurten, dagoeneko, 21 zenbatu dira. Hau da, aurten, abuzturako, dagoeneko iazko hildako kopurua gainditu zuen Nafarroak.

Datu ofizialek enpresek komunikatutako istripuak soilik jasotzen dituzte, baina badakigu enpresa askok istripu arinak ez dituztela komunikatzen, eta, hori gutxi balitz, mutualitateetako medikuek istripuen larritasuna determinatzeko gaitasuna dute, eta datuak leuntzeko joera agerikoa ere bai. Bestalde, prebentzio faltak Euskal Herrian eragindako istripu eta heriotza asko ez dira datu ofizialetan jasotzen, langile horiek kanpoan zeudelako altan emanda. Beste kasu batzuetan, istripu batzuk ez dira laneko istripu eta heriotza bezala aitortzen, trikimailu juridikoak tarteko. Datu ofizialen atzean, beraz, errealitatea ezkutatzeko jarrera argia dago, sindikatuek salatu dutenez.
Horren guztiaren aurrean, aipatutako sindikatuek behin eta berriz adierazi dute arduradun argiak daudela. «Lehenik eta behin, patronala. Lan osasun eta istripuen prebentzio araudiak duela 30 urte onartu baziren ere, oro har, ez dira betetzen patronalen aldetik. Berriki Nafarroako Gobernuak argitaratutako ikerketa baten arabera, enpresen %80k ez ditu arauak betetzen. Erakunde ofizialak ere ez dute laguntzen: horiek ez dute bitartekorik jartzen araudia betearazteko. Erabaki politikoa da, enpresek lasai jarraitu dezan. Horrela enpresen inpunitate osoa betikotzeko bidean da. Osalan zein NOPLOI aholkularitza entitate bilakatu dituzte, patronalaren lasaitasunerako».
Langilea da, sindikatuen iritziz, inpunitate horren ondorioak pairatzen dituena. «Aurten, dagoeneko, 65 langile hil dira. Bitartean, hildakoak eragiten dituen patronalak, absentismoaren eztabaida maltzurra darabil, prebentzio faltak osasunari eragindako kalte eta ondorio latzak langileriari berari egotziz. Sindikatuok, hala ere, irmo jarraituko dugu lanean, kalera atera eta salaketak erabiliz gizarteari erakusteko nortzuk diren honen guztiaren arduradunak. Gure indarra baliatuko dugu eztabaida antzuak deuseztatu eta lan osasunerako bermeak exijitzeko».

Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte.






