LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostiralean, abenduaren 13an, 11:30ean, Bilbon, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, On Diego Lopez Haroren Kale Nagusian, “prekarietateak hil egiten du. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopean, astelehenean hildako euskal garraiolaria gogoratzeko, errepideetako istripu eta heriotza kopuru handia handia lan-baldintza kaxkarrekin lotuta dagoela salatzeko, eta langileek garaiz erretiratzeko duten eskubidea aldarrikatzeko; hau da, hainbeste urte lanean eman ondoren erretiro duina izan dezaten, langile orori jubilazioaren adina 60 urtera aurreratzeko batez ere ezbeharren bat izateko arriskuan daudenei.
Karlos Garmendia 57 urteko garraiolaria astelehen arratsaldean hil zen, Txorierriko korridorean, gidatzen zuen kamioia, Larrabetzu parean, N637 errepidetik aterata. Gipuzkoarra, Errioxako Jubera herrian bizi zen. Istripua ibilgailua bidetik irteteari leporatu zion Ertzaintzak. Dena den, hildako garraiolariaren adina kontuan hartuta, litekeena da aldez aurretik bihotzekoa izatea. Gidaria ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu zen; larrialdietako zerbitzuen eta suhiltzaileen laguntza behar izan zuten hura erreskatatzeko, baina «oso lesio larriak izan zituen, eta istripuaren lekuan bertan hil zen».
Kamioiarekin izandako lan-istripu eta heriotzen estatistika tragikoa da. Dagoeneko hamabi garraiolari hil dira aurten Euskal Herriko errepideetan. Hilero bat hiltzen da. Guztira, 61 langile hil dira aurten Euskal Herrian saihestu zitezkeen istripuetan.
Garraiolarien erretiroa 60 urtera aurreratzeko aldarrikapena zaharra da. 55 urtetik gorako garraiolariek beste edozein sektoreko eta adin horretako langileek baino askoz lan-istripu gehiago dituzte, hiru aldiz handiagoa da ez-beharren kopurua. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten lan-baldintzak ez direlako duinak edo interesgarriak. Beraz, garraiolari gehienak zaharrak direnez. arriskua benetakoa eta larria da.
Hiru aspalditik ari da eskatzen garraiolariak garaiz erretiratzeko neurriak. Beste lanbide batzuei aitortzen zaie, 60 urterekin erretiratzen dira besteak beste, polizia edota suhiltzaileak. Gainera, administrazioak osasun arloko araudiak eta plangintzak finkatzen dituenean garraioaren sektorean den bihotzeko arazoen kopuru handia kontutan izateko eskatzen du sindikatuak. Aurten hil diren garraiolari ia denek 50 urtetik gora zituzten eta zenbaitek izan dute bihotzekoa.
Argi dago adin batetik aurrera errazago galduko duela edonork arreta gidatzerakoan, arrisku handiagoa duela bihotzekoa izateko edota konortea galtzeko, istripu bat eragiteko; azken finean, garraiolariaren beraren eta errepideetako gainerako gidarien bizitza arriskuan jartzeko. Kontuan izan behar da garraiolariek tona asko daramatzatela bizkarrean, eta sarri bezeroen presa eta presioak jasaten dituztela.