Indarrak batu eta euskara norabide berrian jartzeko ahalegina eskatu die Euskalgintzaren Kontseiluak euskaltzaleei eta dei egin abenduaren 27an Bilbao Arena euskararen eta euskaltzaletasunaren bilgune eta arnasgune bilakatzeko, milaka pertsona batuko dituen ekitaldi erraldoi batean.
Euskara larrialdi linguistiko egoeran ikusten du hainbat euskaltzalek, susperraldiaren aroa amaitu dela diote eta bultzada berri baten beharra dagoela. Euskalgintzaren Kontseiluak diagnostiko horrekin bat egiten du, bere iritziz, esku-hartze sendorik egin ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoelako eta bultzada berri bat eman beharra aldarrikatu du.
Dena den itxaropen mezua zabaldu eta indarrak batzeko deia egin die euskaltzaleei, euskararen etorkizunari norabide berria emateko. «Euskaltzaleon garaia da!» adierazi du Kontseiluak eta deia luzatu, abenduaren 27an Miribilla auzoan Bilbao Arena polikiroldegia euskararen eta euskaltzaletasunaren bilgune eta arnasgune bilakatzeko deia. Ekitaldia 17:00etan hasiko da Miribillako kirolgunean. Sarrerak eskuragarri daude www.pizkundea.eus webgunean, 10 eurotan.
«Euskaraz bizitzeko Pizkundea» lelopean antolatu den ekitaldian kulturarekin, musikarekin eta sorkuntza artistikoarekin lotutako hainbat profesionalek parte hartuko dute. Musikari dagokionez, gutxienez bederatzi artista ezagunek osatuko dute «Euskararen soinu banda» hori, ekitaldiaren soinu-banda, alegia: Amets Aranguren (Iruñea, 1998), Anari (Azkoitia, 1970), Beñat Goitia «Benizze» (Gasteiz, 1991), Gontzal Mendibil (Zeanuri, 1956), Gorka Urbizu (Lekunberri, 1977), Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964), Julen Goldarazena «Flako Fonki» (Iruña, 1999), Maia Iribarne (Lasa, 1995) eta Miren Narbaiza (Eibar, 1986).
Larrialdiari aurre egin
Iaz hartu zuen Kontseiluak larrialdiari aurre egiteko konpromisoa. Irailaren 26an aurkeztu zuen Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza, euskarari etorkizuna ziurtatuko dion hizkuntza-politikaren oinarriak.
Kontseiluko partaideen ustez, «ezinbestekoa da euskara kinka larrian izan den beste momentu batzuetan bezala, berriro ere, euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean Pizkundea».
Pauso berri bat
Milaka euskaltzale horiek une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta ekiteko izan duten gaitasuna aldarrikatzen du Kontseiluak eta guztien bultzada espero du pizkunde hori mamitu dadin. «Handia da gure historia garaikidean euskaltzaleon bulkadaz egindakoa. Baina ekinaldi berri baterako unea da, euskara lehen lerrora ekarri eta benetako jauzia eragitekoa».
Datorren abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtu nahi du kontseiluak, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortu. «Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa. Beraz, kultur kutsukoa izango da ekitaldia, eta xehetasunak aurrerago aletuko baditugu ere, musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izango du».
Irailaren 26an Batuz Aldatu dokumentuaren aurkezpen eta sinadura ekitaldian ehundik gora euskaltzale elkartu zituen Miramongo Parke Teknologikoan euskalgintzaren kontseiluak. Hiru sindikatuak ere parte hartu zuen akordio soziopolitiko berri bat proposatu eta euskararen pizkunde berria eragin nahi duen Batuz Aldatu dinamikaren aurkezpenean.
Hizkuntz politikaren giltzak
Proposatzen den jauziren nondik norakoak azaldu zituzten bertan «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua motelduta eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan den honetan, egoera horri aurre egiteko eta euskararen etorkizuna bermatzeko» Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta proiektuaren sustatzaileak adierazi zuenez,
Eskisabelen iritziz, «itun soziopolitiko berriak euskarari etorkizuna bermatzeko hizkuntza-politikaren giltzak proposatzen ditu. Oso laburbilduta, ezagutza orokortzea, hau da, herritar orok euskara ezagutuko duen ortzemuga bat ezartzea, eta normal erabiltzeko baldintzak eratzea dira oinarriak».
«Bide horretatik euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko bidea sortzeaz gain, hizkuntza-eskubideak erabat gauzatzea lortuko litzatekeela, eta, ondorioz, justizia soziala, gizarte kohesioa, bizikidetza eta askatasuna indartzea» esan zuen Eskisabelek.




