Garraiolariak adi egon behar du takografo digitalari buruzko legedian egin diren arau-aldaketekin; izan ere, isunak jasotzeko arriskua dute. Nazioartean dabiltzanek bigarren belaunaldiko takografo digitala izan behar dute nahitaez, eta azken 56 egunetako jarduera justifikatu behar dute. Martxoaren 1ean amaitu zen Europako Batzordeak ordezkapena egiteko emandako aparteko epea. Beraz jada isun handiak jasotzeko arriskuan daude takografo berria jarri ez dutenak: hala nola 2.000 eta 4.000 euro bitartekoak Espainiako errepideetan, 866 eta 3.464 euro artekoak Italiakoetan, 1.500 euro artekoak Alemaniakoetan edo 1.200-1.600 euro artekoak Portugalgoetan. Zigorrik gogorrenak Frantziako errepideetan aurreikusten dira, 30.000 euro eta espetxeratzeraino irits daitezkeelako.
Eta 2025eko abuztuaren 18a baino lehen ordezkatu behar dute lehen belaunaldiko takografo adimenduna duten garraiolariek, nazioarteko garraioa egiten badute.
Kontuan izan behar dute gainera urtarrilaren 1etik derrigorrezkoa dela denentzat 56 eguneko datuak gorde eta eskatzen bazaie erakustea. Ordura arte 28 egunekoak eskatzen ziren. Beraz, takografoak 56 egunekoak gordetzen dituen egiaztatzeko gomendatzen zaie garraiolariei. Datu horiek guztiak gordetzeko nahikoa leku ez badu ordeztea komeni da eta, bien bitartean, informazioa eskuz gordetzea. Takografo analogikoak eta lehen belaunaldikoak ez dira desagertuko, baina estatuko eta tokiko ibilbideetan soilik balio dute.
Takografo berriek garraiolarien gidatze eta atseden denboren kontrola areagotzen dute, eta urrutitik ikuskapenak egiteko aukera ematen diete agenteei. Takografo berriak puntako teknologiaz hornituak daude, eta hainbat hobekuntza ditu lehen belaunaldikoekin alderatuta; funtzio berriak, hala nola, automatikoki jasoko dute mugen gurutzaketa, besteak beste;
56 eguneko datuak
Urtarrilaren 1etik aurrera, garraiolariek egun horretan eta aurreko 56 egunetan egindako jarduerak justifikatu beharko dituzte nahitaez, takografoaren gidari-txartelarekin, disko diagramekin edo inprimaketekin. Berez, informazio guzti hori takografoan izango da, eta ez da beharrezkoa izango inprimitzea, salbuespenezko kasuetan izan ezik. Txartelek 56 eguneko informazioa gordetzen baitute. Erraz egiazta daiteke, 56 egun horietako datuak inprimatuz. Ikusiko denez, takografoan daude.
Muga gurutzatzea
Bigarren belaunaldiko takografo digital adimendun berriak automatikoki erregistratzen ditu mugetako aldaketak edo gurutzaketak, baina garraiolariak egiaztatu behar du takografoaren gidari-txartelak behar bezala erregistratzen duen: ez dago arazorik GEN2V2 txarteletan. Baina badira beste gidari-txartel batzuk hori gordetzeko gaitasunik ez dutenak, GEN2V1 txartelak, eta, kasu horretan, eskuz egin behar dute.
Ez da gidari-txartela aldatu beharrik. baina muga-gurutzaketak erregistratzen ez baditu, garraiolariak eskuz egin beharko du. Muga zeharkatu bezain laster tiket bat inprimatu eta mugako pasabidearen datuak gorde dituen begiratzea da hori baieztatzeko modurik onena eta gomendagarriena. Erregistratu ez badu, eskuz egin beharko da, hautatu eta berriz ere «hasteko lekua» adieraziz.
Datuak deskargatzea
Takografoaren eta txartelaren datuak deskargatzeko epeak ez dira aldatu; 28 egunean behin deskargatu behar da gidari-txartela, eta hiru hilean behin takografoaren memoria. Dena den, adituek gomendatzen dute bi deskargak batera egitea, eta, horrela, hilabete bakoitzeko deskargak antolatzea. Hiruko garraiolariek sindikatuko bulegoetan egin ditzakete deskargak.
Kontrola 56 egunekoa izango da, eta garraiolariak isuna jasotzeko arriskua izango du, hirugarren astea amaitu baino lehen berreskuratu beharreko atsedenaldia 24koa baino 45ekoa ez izateagatik. Orain, zortzi aste eta 56 eguneko jarduera ikusi ahal izango dute, eta errekuperazio egokiak egiten diren egiaztatuko dute. Dagoeneko ez du balioko astean 45 eta 24 orduko atsedenaldiak bata bestearen atzetik egiteak, aste gehiago egiaztatu eta zigortu egingo baitituzte.
Gidatzea eta atsedena
Takografoaren gidatze eta atseden denborei buruzko arauak zorrotzak dira:
• 4 ordu eta erdiz jarraian gidatu ahal izango da.
• Nahitaezkoa da 45 minutuko etenaldia edo bi etenaldi egitea 4 ordu eta erdian; lehenengo, gutxienez 15 minutuko etenaldia, eta, ondoren, gutxienez 30 minutuko beste etenaldi bat.
• Eguneko gehienezko gidaldia 9 ordukoa da, astean bi egunetan (astelehenetik igandera) 10 ordukoa izan ezik.
• Astean gehienez 56 orduz gidatu ahal izango da, eta bi astean behin gehienez 90 orduz.
• Eguneko atsedenaldi arrunta 11 ordukoa da, jarraian, edo zatika: lehenik, gutxienez 3 orduko atsedenaldia, eta, ondoren, gutxienez 9 ordukoa.
• Eguneko atsedenaldia 9 ordura arte murriztu daiteke, astean 3 aldiz atsedenaldien artean.
• Asteko atsedenaldi arrunta 45 ordukoa izango da.
• 24 ordura murriztu ahal izango da, baldin eta ondoz ondoko bi astetan gutxienez 45 orduko bat eta 24 orduko beste bat badituzu.
• Asteko atsedenaldiaren murrizketak hurrengo hirugarren astea amaitu baino lehen berreskuratu behar dira.
Aldaketen datak
2025eko otsailaren 28a: Nazioarteko garraioan dabiltzan 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailuak bigarren belaunaldiko takografo adimendun berri batekin ordezkatu behar dute lehen belaunaldiko takografo analogikoa.
2025eko abuztuaren 18a: Nazioarteko garraioan, 3,5 tona baino gehiago eta lehen belaunaldiko takografo digitala duten ibilgailuek bigarren belaunaldiko takografo adimendun berri batekin ordezkatu behar dute.
2026ko uztailaren 1a: Nazioarteko garraioa egiten duten ibilgailu arinek eta furgonetek ere, 2,5 tona baino gehiagoko pisuarekin, bigarren belaunaldiko takografo bat izan behar dute. Beraz, lehen aldiz, horrelako garraio-ibilgailu arinen gidariek gidatzeeta atseden denborak gorde beharko dituzte. Eta araudia bete.