Erkidegoko errepidetan kamioiak bereziki kontrolatuko ditu ondorengo bi astetan Ertzantzak burutuko dituen bi kanpainetan. Aste honetan, material arriskutsuak garraiatzen dituzten garraiolari eta kamioiak kontrolatukl ditu; datorren astean aldiz, pisua eta karga ondo lotuta dagoen.
Maiatzaren 12tik 18ra bitartean, poliziak salgai arriskutsuak errepidez garraiatzen dituzten kamioiak kontrolatuko ditu, hau da, garraiolariek ADRarekin lotutako arauak betetzen dituzten begiratuko dute. Besteak beste, ibilgailuaren dokumentazioa, plaken eta seinale laranjen erabilera, suteak itzaltzeko bitartekoak, norbera babesteko eta bestelako ekipamenduak miatuko dituzte. Halaber, baimendutako gidatze eta atseden denborak betetzen dituzten begiratuko dute, takografoak ondo funtzionatzen duen edo arlo honetan tranparik egiten duten, datuak faltsutzeko edota polizia-kontrolak saihesteko tresnarik erabiltzen ote duten ere bai.
Bestalde, maiatzaren 20tik 22ra bitartean, Ertzaintzak kamioien pisuaren kontrola indartuko du, oro har. Baimendutakoa baino karga handiagoa garraiatzen ote duten eta karga horri ondo lotuta ote dagoen egiaztatuko dute.
Arduradunen esanetan, kamioiarekin istripuak izanez gero, ezbeharrak ondorio larriak eragin ditzake, are gehiago salgai arriskutsuak garraiatzen badituzte. «Horregatik da garrantzitsua prebentzio-kontrol horiek egitea, euskal bidesarean jokabide arriskutsuak saihesteko».
Urte osoan egiten dira horrelako kontrol bereziak. Guztira 32 kanpaina burutzen dira, bakoitzean alor jakin eta konkreturen bat kontrolatuz.