Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraio sektoreko baldintza txarrak salatu eta Muxikan hildako garraiolaria gogoratu dute euskal sindikatuek Langraitzen

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuak Hermanos Barreira enpresaren aurrean protesta egin dute astelehenean urriaren 20an eguerdiko 12.30etan, joan den asteazkenean Muxikan hildako garraiolaria gogoratzeko eta heriotza tamalgarri horiek laneko baldintza txarren ondorio direla adierazteko. “Errepidean garraiolariak hiltzen direnean heriotza horiek zuzenean lotuta daude lan-prekarietatearekin”. 

Hildakoaren adina nabarmendu dute sindikatuek, “63 urterekin erretiroa gertu zuen garraiolariak, baina errepidean jarraitzen zuen lanean, trenbidera erori eta hil egin zen. Jakina da, ez dago zalantzarik, adin batetik aurrera istripua izateko arrisku handia duela kamioia darabilenak. Nekeak hil egiten du. Argi dago garraiolariek arrisku handiagoa dutela konortea galtzeko, zorabiatzeko edota bihotzekoa izateko. Horregatik guztiagatik, Hiruk urteak daramatza erretiro aurreratuaren alde lanean, eta horrekin batera, lan-arriskuen prebentziorako plangintzak egiten direnean garraio arloan izaten den bihotzekoen eta arazo kardiobaskularren kopuru handia kontuan hartzeko eskatzen”.

Aurten bizia galdu duten garraiolarien kopurua ere azpimarratu du Hiruko ordezkari Alberto Nuñezek elkarretaratzean: “15 garraiolari hil dira dagoeneko aurten euskal errepideetan; beraz, urrirako iaz baino gehiago dira hildakoak; 2024 osoan,14 garraiolari hil ziren errepidean Euskal Herrian. Aurten, 15 dira, jada, urrirako: gutxienez garraiolari bat hiltzen da hilean batez beste”.

Nuñez zuzenean eskatu die garraio arloko enpresei eta arduradun politikoei arazoari “seriotasunarekin heldu” eta neurri eraginkorrak har ditzaten. “30 urte daramatzagu laneko arriskuen prebentziorako planekin, eta ez dute espero ziren emaitzak ematen. Horregatik kontzentrazioaren leloa, `Patronalak eta erakundeek gaixotu eta hiltzen gaituzte; prekarietateak hil egiten du´; enpresek sarriegi hausten dute araua, ez dituzte aurreikusitako neurriak hartzen, estutu egiten dute garraiolariaren lana eta Administrazioak, aldiz, beste aldera begiratzen du istripuak eta lanean heriotzak gertatzen direnean”.