Nafarroako bost autobidetan bidesaria jartzeko egitasmoari eusten dio herrialdeko Gobernuak. Batetik, Nafarbide sozietate publikoa sortu zuen tasa hori N121A errepidean, eta A1, A10, A15 eta A68 autobideetan martxan jarri eta kudeatzeko. Bestetik, irailaz geroztik, Europar Batasunaren baimena du aurrera egiteko. Urte eta erdiko gestioen ondoren, Europako Batzordeak irailaren 12an onartutako irizpen batek baimentzen du tasa. Nafarroan aurreikusitako bidesari-sistema bat datorrela EBren araudiarekin, eta, beraz, azpiegitura horiek erabiltzeagatik kobratzeko baimena dauka Nafar Gobernuak.
Nafarroako bidesaria ez da nobedadea izango euskal garraiolarientzat. Gipuzkoan eta Bizkaian jada ordaintzen dute ibilgailu astunek: 2023ko urtarrilaren 23tik Gipuzkoan N1 eta A15 errepideen ibilbide osoan; 2024ko urtarrilaren 25etik Bizkaiko N240 Barazar eta BI625 Urduñako errepideetan; eta aurtengo ekainaren 1etik, A8 eta Bi10 errepideetan Basurtutik Kantabriara; N636 errepidean Durangotik Gipuzkoara eta Txorierriko korridorean, BI30, Gurutzeta Erletxe artean.
Hiruk behin eta berriro esan du dirua biltzeko asmoa dagoela bidesarien atzean, hau da, Aldundiak eta Gobernua garraiolariak erabiltzen ari dela dirua biltzeko. Erkidegoko Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak, garraiolariei laguntza eman beharrean, euren egoera eta sektorea estutu du. Azken finean, garraiolaria da hasteko bidesaria ordaintzen duena, gero gastu berri hori bere bezeroei pasa beharko die, eta kontsumitzailea izango da azken batean ordaintzen duena. Baina, printzipioz, zailtasunak garraiolariarentzat dira. Aitzakia ezberdinak darabilzki Administrazioak, garraiolarien erabilera eta diru-bilketa kritikei erantzuteko.
Gipuzkoan behin eta berriz aldarrikatu dute “erabiltzen eta kutsatzen duenak ordaindu dezala”. Garraiolariei begira jartzen da, baina benetako erabiltzaileak eta, beraz, kutsatzen dutenak gizartea eta industriak dira, horientzat egiten baitu lan garraiolariak.
Bizkaian, aldiz, Foru Aldundiko azpiegituretako arduradunek esan dute trafikoa berrantolatzeko jarri dela peajea, errepide batzuk gainezka daudela. N240 eta BI625 errepideetan bidesaria jarri baino, guztiz kontrakoa egin beharko lukete benetan kamioiak AP8ra eta Supersurrera bideratu nahi baldin badituzte, hain juxtu, bi autopista hauetan bidesaria kendu kamioiei. Seguru hortik joango direla.
Beraz, garraiolariek ez dituzte argudio ahul horiek sinesten. Helburua benetan errepide horietan trafikoa arintzea eta kamioiak autobidera bideratzea balitz, nahikoa izango litzateke bi autobide horietan ibilgailu astun horien bidesaria kentzea.
Nafarroako Gobernuak berretsi du bidesariak pixkanaka martxan jarri nahi dituela, autobietatik hasita. N121A errepidean ez da Belateko eta Almandozeko tunelak bikoizteko lanak amaitu arte jarriko. Dena den, Nafarroako agintariek ez dute, oraingoz ez du zehaztu zein datatan ezarriko diren.
Kamioiek gehienez 0,28 euro ordainduko dituzte kilometroko Nafarroako errepidetan 3,5 tonatik gorako ibilgailuek. Iparraldeko (A1), Sakanako (A10), Leitzarango (A15) eta Ebroko (A68) autobietan jarriko da kamioientzat bidesaria; eta baita hiriburua eta Behobiako muga lotzen dituen N121A errepidean ere. Guztira, 167 kilometro dira. Esan bezala, ibilgailu astunek ordainduko dute bidesaria, bi taldetan banatuta: 3,5 eta 12 tona bitarteko kamioiek 0,22 xentimo kilometroko; eta 12 tona baino gehiago daramatenek 0.28.
Kilometroko eta ibilgailuko 28 zentimoko prezioa kalkulatzeko bide horiek egiteko erabili zen inbertsioa eta mantentze-kostuak eduki dira kontuan. Horri, bidesaria kobratzeko sistema abian jartzeko gastua gehitu zaio.
Bost errepide
A1, Iparraldeko autobidea 13,8 km.
A10, Sakanakoa: 30,4 km.
A15, Leitzarango: 27,6 km.
A68, Ebrokoa: 32,4 km.
N121A Iruña-Behobia errepidea: 62,8 km.
Tasa
Ibilgailu eta kilometroko gehienez 28 xentimoko tasa kobratuko da
-0,22 euro 1 motako ibilgailuetan (3.500 kgtik 12.000 kgra)
-0,28 euro 2 motako ibilgailuetan (12.000 kgtik gorakoei)