Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Nafarroako garraiolarien bazterketa eta Administrazioaren utzikeria salatu dute Anet, Hiru eta Tradisnak

Nafarroako garraiolarien baldintza txarrak eta Administrazioak horren aurrean duen utzikeria salatu dituzte Hiru, Anet eta Tradisna, herrialde honetako garraiolarien elkarteek, ostegunean, urriaren 2an Foru Parlamentuaren aurrean, goizeko 8.45ean. “Garraio sektoreari lagundu ahal izateko, mahai batean eseri eta hitz egin beharrean, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) eta beste erkidego batzuetan bezala, kontrakoa gertatzen da Nafarroan, baldintza txarrak jasaten ditugu: fiskalitate okerragoa daukagu; bidesariak jarriko dituztela iragarri dute; gainera, errepide eta azpiegitura kaxkarrak ditugu eta behar bezala mantentzeko ez dago dirurik ez aurrekonturik”.

“Nafarroako Gobernuaren aldetik jasaten ari garen bazterketa eta  abandonu-egoera” salatu dute hiru elkarteek. “Fiskalitateari buruz aspaldi egindako proposamenei ez diete oraindik erantzun, zain jarraitzen dugu, beraz, eta espero dugu zentzun apurtxo bat izango dutela eta ez zaiela kamioiei Nafarroan bidesaririk jarriko, Estatuko gainerako erkidegoetan jarri arte. Espero dugu Nafarroako Gobernua sektore estrategiko eta funtsezko honi laguntzeko prest egongo dela, gainerako autonomia-erkidegoekiko lehiakorrak izan gaitezen, batez ere EAEkoekin, ondoko Euskal Autonomia Erkidegokoekin”. 

Bidesaririk ez 
Kamioiei bidesariak jartzeko asmoa gogor kritikatu dute prentsaurrekoan. “Bidesariak Nafarroako ehun ekonomikoa eta gizartea zigortuko du. Nafarrok nahikoa zerga ordaintzen dugu, oro har, eta garraioaren sektoreak ere dagokiona, herrialdeko errepideen mantentze-lanetarako nahiko aurrekontu izan dadin”. Argi eta garbi adierazi dute kontrako jarrera: “Bidesariak ezartzeari EZ esaten diogu. Are gehiago, ez dugu inorentzat bidesaririk nahi. Baztertzaileak dira. Ez da bidezkoa edozein lurraldetan mugitzeko azpiegitura publikoengatik ordaindu behar izatea. Gogor salatzen dugu, uste baitugu diru gehiago bildu baino, hobe litzatekeela gastua optimizatu eta eraginkortasuna hobetzea; era berean, uste dugu egokiena beste lurraldeen batez bestekoan egotea dela, gure erkidegoak defizit txikiena duelako harro egotea baino”. 

Prentsaurrekoan nabarmendu dute bide, zubi, atsedenleku eta bide seinaleen egoera txarra, “gaur bide-lan txikia dena, lan garrantzitsua da bihar, eta urte asko daramatzagula lan horiek egin gabe”. “Argudio hutsala” da Nafarroako garraiolarien ustez Europako herrialde askotan jartzen ari direla esatea: “ez dira konturatzen gure kasuan eragina desberdina dela, herrialde periferikoa garelako. Frantzia edota Alemania izan ziren bidesari horien sustatzaile nagusiak, beste herrialde batzuetako flotak baitziren haien bideetan zebiltzanak. Gure agintariei eskatzen diegu aztertu dezatela ikusteko bi aldiz ordaintzen ditugula zergak. Jakina da espainiar garraio-flota Europako bigarren handiena dela Poloniakoaren atzetik; agian horregatik ez dute Espainiar estatuko beste lurralde batzuetan bidesaririk jartzen? Agian Portugalen ere berandu konturatu dira ez dabiltzala ondo? eta horregatik ari da bidesariak kentzen?”

Azpimarratu dute enpresa txiki eta garraiolari autonomo asko uzteko arriskuan izango direla gastu horiek bezeroei pasatzeko dituzten zailtasunengatik. “Enpresa txiki eta autonomoak dira sektorean katebegi ahulena; argi dago, garraiolariak berak aurreratu beharko duela, aurretik, gero bezeroek asumitu beharko duten gainkostu hori, ustez hilero 1.000 euro baino gehiagoko ordainketa”.  

Eta bidesariei dagokienez, ibilgailu guztiei jarriko zaiela ohartarazi dute. “garraiolariei eta oro har herritarrei jakinarazi nahi diegu, Nafarroako Gobernuak darabilen leloaren arriskua, hau da, “Erabiltzen duenak ordaindu dezala, edota kutsatzen duenak ordaindu dezala” ari dira esaten. Euro-biñetaren zuzentaraua hasiera batean kamioiei begira sortu zen, baina jada zabaldu da ibilgailu ororentzat. Kendu dute testutik ibilgailu astunen aipamena. Oso hurbil daukagu adibide bat, gainera; jakina da, Gipuzkoan A636 autobidea erabiltzen duenak ordaindu egiten duela, baita autoek ere”. 

Bidegabeko fiskalitatea
Nafarroako garraio sektorearen egoera jasanezina da prentsaurrean ordezkariek salatu dutenez: ekonomia, energia edo ingurumen aldetik garai zaila izanik, presio fiskal neurrigabea eta Administrazioaren utzikeria gehituta sektorearen etorkizuna zalantzan dago. Galerak berehalakoak izan daitezke, horregatik salaketa eta arazo larriaren aurrean konponbide eskaera”. 

Garraiolariek zergatan neurriz kanpoko ordainketak, “Estatuko altuenak” dauzkatela salatu dute. BPGaren %4,5 inguru sortzen du garraioak eta %7,5eko ekarpena egiten du. “Izan ere, sektoreak karga bereziak dauzka, hainbat zerga espezifiko ordaintzen ditu: hidrokarburoen zerga, bidesariak, IAT, ziurtagiriak, BEZa, tasak eta abar. Baina horiez gain, Nafarroako Ogasunaren eskumen esklusiboak diren Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zerga, biak ere, gainerako erkideetakoak baino altuagoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoan baino lau aldiz gehiago ordaintzen dute garraiolariek Nafarroan. Bidegabekeria onartezina da, besteekin berdintasunean lehiatzea eragozten diguna. Garraiolari nafarrak ezin du gainerako erkidegoek dituzten baldintza berberetan lehiatu”.

Garraio eta Ogasun sailari proposamen zehatzak “banan-banan” egin zaizkiela, baina ez dutela erantzunik jaso salatu dute. “Gainera, beste erkidego batzuetan garraiolariek administrazioaren laguntzak jasotzen dituzte. baina hemen, Nafarroan, planteamendu horien aurrean, edo ez da erantzunik, isilik gelditzen dira, edo besterik gabe, horretarako aurrekonturik ez dagoela erantzuten dute. Horrekin nahikoa, haientzat. Eta geure buruari galdetzen diogu: zertarako balio du fiskalitatea Nafarroara transferituta izateak, nafarren beraien lehiakortasuna bultzatzeko gai ez baldin badira?”…

Sindikatuko bi ordezkari urriaren 2an Iruñan prentsaurrekoan, lehenengoa Isidro Martinez garraiolari nafarra eta erdian Alberto Núñez Hiruko idazkaria.

Azpiegituren gabeziak
Nafarroako arazo konkretua ere salatu dute prentsaurrekoan. 2025ean istripu larriak izan dira Nafarroako errepideetan. Zazpik galdu dute bizia. “Estatistika eta zenbaki latza da. Bide-azpiegiturak mantentzeko, egokitzeko eta berritzeko inbertsiorik egin ez denez, areagotu egin da arazoa. Nafarroako bideak, kasu askotan, zaharkituta daude, beharrezko seinaleztapenik gabe, bide-zabalera desegokiarekin, eta ez dute, gainera, merkantziak errepidez garraiatzeko jarduerak eskatzen dituen atsedengune eta zerbitzugunerik”. Azpiegitura askoren egoera tamalgarria bada ere, ez da inbertsiorik eta hobekuntza-proiekturik. Geldi daude eta jokabide horrek erakusten du Foru Komunitatean garraioarekiko erabateko utzikeria.

Garraioan gaur egun diren lan-baldintza kaxkarrek ere eragina dute Nafarroan izan den hildako garraiolari kopuru handiarekin. “Azken urteotan etengabe okertu dira: garraio-zerbitzuak kontratatzen dituzten bezeroen presak eta horrek garraiolariei eragindako presioaren ondorioz, desorduetan lan egin behar izaten dute, ahalik eta pisu handiena eraman edota sektoreko tarifa estuak onartu. Ez dira kasualitate, beraz, gertatzen diren istripuak. Nafarroako azken bi istripuak goizaldeko 4.00etan gertatu ziren: abuztuaren 29an Erriberrin garraiolaria hil zen, A15 errepidean bere ibilgailua irauli ondoren, eta urteko istripurik tragikoenean, martxoaren 5ean N113 errepidean, Fitero parean, lau pertsona hil ziren. Gure errepideetan benetan gertatzen denari buruzko kontrol gehiago egon beharko litzateke. Ez dago erregulazio eta ikuskapen nahikoa”.

Arazo larri bat du garraioak, gaur egun, ez dago erreleborik. Horren ondorioz, zahartu egin da sektorea; garraiolarien batez besteko adina igo egin da, 56 urte inguruan da Nafarroan. “Ez da garraiolari gazterik izango baldintzak hobetzen ez badira eta gidarien lan baldintza duinik ez baldin bada: Beharrezkoak dira, erretiro-adin errealista eta lanbidearen eskakizun gogorrei egokitua; garraiolari berriak hasteko laguntzak, eta erretiro-adinean direnei bultzada emateko, erretiroa garaiz hartzea ahalbidetuko duten laguntzak. Bestela, lan baldintza duinik gabe, ez da erreleborik ezta dauden gidarien ordez garraioaren jarraipena bermatuko luketen beste batzuk jartzerik”. 
Egoera horren aurrean Administrazioaren erantzuna eskatu dute garraiolarien ordezkariek. Sektorea itota dela eta erantzunik ez bada garraiolarien mobilizazioak izango direla adierazi dute.