Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioiak kalean Iruña erdian

Hiru sindikatuak, Tradisna eta Anet elkarteekin batera, mobilizazio bat buru du larunbat goizean Iruñean, Nafarroako garraiolarien bazterketa salatu eta Foru Gobernuari jarrera aldaketa eskatzeko. Hiru aldarrikapen nagusiei erantzuna eskatzen diote garraiolariek: Batetik Foru Erkidegoko bost autobide nagusietan kamioiei jarri nahi zaien bidesariaren egitasmoa bertan behera uzteko, fiskalitatea aldatu eta beste erkidegoen mailan jartzeko eta, azkenik, errepideetan hobekuntzak istripu kopuru handia saihesteko. 

Kamioi kale-jira egin dute Iruña erdian goizeko 10.00etan Sadarretik abiatuta, esan bezala, Nafar Foru Gobernuari bidesariei uko egiteko, bidezko fiskalitatea eta azpiegituretan hobekuntzak eskatzeko, lanerako baldintza duinak azken finean. Bestela ez da gazterik izango sektorean. 

Goizeko 9.00ak baino lehen elkartu dira Hiruko garraiolariak Bidekok Galarren duen gasolio hornigailuan, handik Sadarrera joan eta 10:00etan Iruñeko erdigunerantz abiatzeko. Ibilbidea aurreko asteko ostiralean egindako berbera: Sadar, Zaragoza etorbidea, Vianako Printzea plaza, Nafarroa Behereko etorbidea, Merindadeen plaza, Nafarroa Behereko etorbidetik Eguesibar kalera, Seminarioaren aurretik pasa eta Sadar estadioaren atzealdean amaituko da. Iruña erdira heldu dira kamioiak.

Nafarroako garraiolariek kamioiak Iruñara eraman zituzten urriaren 31n, aurreko ostiralean ere, Nafarroako Foru Gobernuaren bazterketa salatu eta euren aldarrikapenak ezagutarazteko. Ogasun saileko arduradunek ez dute erakutsi garraiolarien eskaerei erantzuteko borondaterik, Hiru, Tradisna eta Aneteko ordezkariekin azken asteotan egindako bi bileretan. Berogeitamar bat kamioik itzulia egin zuten Iruña erdian urriaren 31n, ostiral arratsaldean, 19:00etan Sadarreko Estadiotik abiatuta. Hiruko garraiolari batzuk ere parte hartu zuten Tradisnak deitutako protestan, bidesariak errefusatu eta bidezko fiskalitatea, azpiegitura seguruak eta Nafarroako garraioak merezi duen errespetua Foru Gobernuari eskatzeko. 

Garraiolarien eskaerak argiak dira eta erantzunak eskatzen ari dira. Gobernuak kamioiei bidesaria jartzeko egitasmoa bultzatzen jarraitzen badu eta ez badu fiskalitatea beste ogasunekiko berdintzeko edo sektoreari laguntzak emateko gogorik, Nafar Administrazioak ez du ezer egiten Nafarroako garraiolarien egoera hobetzeko ezta sektorea sentitzen ari den mespretxu eta utzikeria egoerari erantzuteko. Horregatik duela aste batzuk hasitako protestekin jarraituko dute Hiruk eta Tradisnak. Hurrengo zita azaroaren 8an larunbatean izango da. Berriro Iruña erdira eramango dituzte kamioiak Tradisnak eta Hiruk. 

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, “hilabeteak daramatzagu fiskalitateari, bidesariei eta azpiegiturei buruzko proposamen serio eta bideragarriak aurkezten, baina isilik jarraitzen du Gobernuak, gure aldarrikapenei ez diete kasurik egiten. Kamioietan mezu argia daramagu: Nafarroako garraioak errespetua merezi du eta ez du amore emango”.