Urriaren 13an, astelehenean, goizeko 8etan protesta egin dute Nafarroako garraiolariek, Iruñean, Zaragoza Etorbidean, Foru Gobernuaren utzikeria eta bazterketa salatzeko. Altxa egin dira Hiru eta Tradisnako garraiolariak Nafarroako Gobernuaren jokabideren aurka, lagundu beharrean zigortu egin dituztelako alde batetik zerga politika zorrotzarekin eta bestetik Nafarroako bost errepide garrantzitsuenetan kamioiei jarriko zaien bidesariarekin. 50 garraiolari elkartu dira bertan pankartak eskuan hartuta, lelo argiarekin: garraio duinaren eta konponbideen alde, zerga politikaren eta bidesarien aurka: “Baldintza kaskarrik ez. Garraio duina”, “El transporte navarro contra la imposición tributaria y los peajes”, “Peajes para nadie. No al abandono del transporte” eta “Transportistas al borde. Soluciones ya” zioten Iruñako sarrera eta irteera nagusietako batean egin den protestaldian. Gobernu delegaritzak eta poliziak ez dute zirkulazioa eteteko baimenik eman eta alboko bide batean moztu dute bidea garraiolariak.
Honekin abiatuko da Foru Gobernuaren jarrera salatzeko Nafarroako garraiolarien bi elkarte horiek burutuko duten protesta sorta. Garraiolariek salatzen dute Gobernuak alde batera utzi duela sektorea Nafarroan: alde batetik, ez die laguntzarik ematen garraiolariei, beste autonomia erkidego batzuetan bezala, eta, bestetik, foru erkidegoko autobide nagusietan kamioiei bidesaria jarri nahi diete. Garraiolarien ustez, lagundu beharrean Administrazioak zigortu egiten du sektorea.
Tradisna eta Hiruko garraiolarien ordezkariek baieztatu dute protestak egingo dituztela datozen egunetan Nafarroako Gobernuaren “utzikeria eta isiltasuna” salatzeko. Argudioak argiak dira; Foru Gobernuak ez duela erantzunik eman garraiolarien proposamenen aurrean, ez dago Foru Erkidegoko garraioaren baldintzak hobetzeko neurririk. Garraiolariek adierazi dute ez dutela etsiko, “kitto esan dugu, nahikoa da” esan dute, eta ohartarazi kamioiekin protestak egingo dituztela datozen asteetan Nafarroan. Aipagarriena, azaroaren 8rako egin duten deialdia. Nafar Gobernuak jarrera aldatzen ez badu manifestazioa egingo dute kamioi eta guzti, azaroaren 8an Iruña hiriburuan.

Garraiolarien aldarrikapenak
Hiru, Anet eta Tradisna Nafarroako garraioaren egoera salatzen ari dira, batetik beste erkidego batzuetan baino fiskalitate zorrotzagoa; bestetik, bide-azpiegituren baldintza eta egoera txarra eta, batez ere, Gobernuak herrialdeko bost errepide garrantzitsuenetan bidesaria jartzeko duen asmoa.
Gobernuari eskatu diote bidesaririk ez jartzeko, behintzat, Estatuko gainerako erkidegoetan jarri arte. Gainera, sektorea laguntzeko eta bere lehiakortasuna hobetzeko neurriak har ditzala eskatzen diote, “estrategikoa eta funtsezkoa” baita. Garraiolarien ordezkarien ustez, ez da bidezkoa, Nafarroako garraiolariek EAEkoek baino askoz gehiago ordaintzea zergatan, “lau aldiz gehiago”, kasu batzuetan.
Gainera, ohartarazi dute ezbehar-tasa gero eta handiagoa dela eta errepideetan inbertsiorik ez dagoela. Horrez gain, kolektiboaren zahartzea eta belaunaldi-erreleboaren eskasia ere aipatu dituzte. Horregatik guztiagatik, premiazko neurriak eskatu dizkiote Foru Gobernuari, eta protestak iragarri dituzte.
Beraz, urriaren 13an, astelehenean, goizeko 8: 00etan hasi dira garraiolarien protestak Nafarroan: Cordovillan, Cobos Iveco eta Diario de Navarra enpresen parean, Zaragozako etorbidean. Esan bezala lehenengoa izango da, eta Foru Gobernuak garraiolarien eskaerei erantzuten ez baldin badie, gehiago egingo dira datozen asteetan. Lehenengo urratsa, bidea moztu eta komunikabideen aurrean euren aldarrikapenak gogoratzea izango da.





