Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Neumatikoak ordezkatzeko dirulaguntza emango du Gipuzkoako Aldundiak ere

Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntza emango du lehen aldiz 2025ean 3,5 tonatik gorako ibilgailuen neumatikoak ordezkatzeko. Plana garraio astunean dabiltzan garraiolari autonomoei eta lurralde horretako sektoreko enpresei zuzenduta egongo da. Aurten bigarren aldiz Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen laguntzarekin alderatuz, Gipuzkoan ez du atzeraeraginik izango; beraz, garraiolariek laguntza publiko egin arte itxaron beharko dute neumatikoak Gipuzkoako tailer homologatuetan aldatu ondoren laguntza eskatzeko.

Beste desberdintasun bat ere bada bi Aldundiek emandako laguntzen artean. Gipuzkoan aurrekontu osoa eskabidea egiten duten garraiolari guztien artean banatuko da. Bizkaian, aurrekontua agortu arte ematen da laguntza, hau da, lehenengo eskabideek jasotzen dute dirua amaitu arte. 

Soilik egoitza soziala eta fiskala Gipuzkoan duten garraiolari autonomoek eta enpresek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak, 3,5 tona baino gehiago duten ibilgailuarentzat garraio-baimena indarrean badute. Beraz, banatzaile txikiek ezingo dute dirulaguntzarik eskatu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek aurreratu digutenez irailean argitaratuko dute agindua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta urritik aurrera eskatu ahal izango da dirulaguntza. Gurpiden ordezkapena nahitaez homologatutako tailerretan egin beharko da, laguntza eskatu ahal izateko. Laster argitaratuko dituzte tailerrak homologazioa eskatzeko baldintzak. Hiruko garraiolari autonomoek beren konfiantzazko lantegiei hori jakinarazi diezaiekete, homologazioa eska dezaten, eta, horrela, diru-laguntza GAOn argitaratu bezain laster, haiek ere eskatu ahal izateko.
Bizkaian, laguntza eskatzeko epea 2025eko irailaren 30eko 13:30era arte dago zabalik, Ekonomia Sustatzeko Sailaren Bizkaiko bulego birtualaren bidez (www.bizkaia.eus). Beharrezkoa izango da sinadura elektronikoa, Izenpe edo NAN elektronikoa, besteak beste; edota B@kQ ziurtagiri elektronikoa, sartzeko.

2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako gastuak ordainduko dira Bizkaian, laguntzen diren jardueretan ordaindutako fakturak, baldintzak betetzen badituzte. Ez dira sartzen BEZaren gastuak, ezta zeharkakoak edo 100 eurotik beherakoak ere. Fakturak aurkeztu beharko dira, ordainagiria, matrikula, azalpen oso eta zehatza, argazkiekin batera. Ezinbestekoa da faktura ordainduta egotea. Irudiei dagokienez, matrikula osoa eta jarritako gurpil berriak argi eta garbi ikusten diren argazkiek bakarrik balio dute. Plataforma edo atoiaren kasuan, gurpilak ikusi beharko dira bi matrikulen ondoan. Beraz, dagozkion inprimakiak, faktura eta ordainketaren bankuko frogagiria, eta egindakoaren argazkiak aurkeztu behar dira.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagun daitekeen gastu-oinarriaren % 70 aplikatuko da; gehienez 20.000 euro emango dira enpresa eskatzaile bakoitzeko, eta 4.000 euro ibilgailu bakoitzeko. 500 eurotik beherako laguntzarik ere ez da emango. Beraz, ez da diruz lagunduko zerga-oinarriaren % 70 hori 500 eurotik gorakoa ez bada. Informazio eta laguntza eskuratu ahal izango dute garraiolariek sindikatuaren bulegoetan edo webgune ofizialean: https://appstac.ebizkaia.eus/eu/fitxategi-prozedura

Eskaera egiteko orduan azkar ibiltzeko gomendatzen die Hiru sindikatuak Bizkaiko garraiolariei, aurrekontuan jasotako kopurua ez baita denentzat iritsiko eta baldintzak argitaratu eta egun gutxira agortuko baita. Bizkaiko agintariekin haserre daude aspalditik herrialdeko garraiolariak, esku batekin laguntza urri xamar horiek eman arren, bestearekin kamioiei bidesaria jarri baitiete bigarren mailako errepideetan. Tasa horiek are gehiago erasotzen diote jada nahikoa zigortuta dagoen garraiolariari, eta oso baldintza estuetan lan egin behar izaten du.

Bizkaiko garraiolarien ustez urriak eta baztertzaileak dira laguntzak, Aldundiak ondo geratu besterik ez du nahi, eta batez ere, herrialdeko enpresa handiak pozik utzi eta lausengatu. Diskriminatzaileak dira, garraio arinean dabiltzan profesionalak kanpoan uzten dituztelako; Foru Aldundiarentzat ez dira garraiolariak. 

Aipatzekoa da Bizkaiko Aldundiko Ekonomi Sustapen Sailak aurreko urteetan honetan jarritako milioi bat euroko aurrekontua ez zela herrialdeko garraiolarien %10era ere iritsi. Flota handi bakoitzak maximoa, hau da, 20.000 euro jasoko balitu, 50entzat heltzen da soilik. “Kalkulatzen dugu sektorean Bizkaian ari diren bost mila garraiolarietatik gutxi batzuek eskuratu ahal izango dutela laguntza”. Ibilgailu bakarra gidatzen duen garraiolari autonomoak gehienez 4.000 euro jasoko ditu. Batez ere flota handiek jasoko dute onura, ibilgailu kopuruarengatik gehiago eskatzeko aukera dutenak baitira.