Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Ogasuneko arau berriek gasolioa saltzen duten operadore txikien lana zailtzen dute

Estatuko Ogasunaren arau batek operadore txikiak baztertzen ditu eta euren lana zaildu,  BEZaren zergan ordaintzen duten dirua aurreratu egin behar dutelako: Aldiz, operadore fidagarriaren kalifikazioa duten konpainia handiek ez daukate zerga aurreratu beharrik.

Hidrokarburoen sektoreko BEZaren ordainketan egindako iruzurrei aurre egiteko, Ogasun Ministerioak beste muga bat onartu zuen joan den urtearen amaieran enpresa banatzaileentzat. Horrekin, operadore fidagarriaren izendapena izateko betebeharra abian jarri zuen. Operadore fidagarria izateko lau baldintza bete behar dira; izendapena ez duten arren erregaia saldu nahi duten enpresek, BEZaren kuotaren % 110 estaliko duen bermea aurkeztu beharko dute — azken bi hilabeteak erreferentziatzat hartuta —, edo, bestela, erregaia erosten duten aldiro, aldez aurretik zergaren ordainketa egin beharko dute.

Zenbateko horien abala aurkeztea bideraezina da operadore txikientzat. Beraz, egunero zain egon beharko du, Ogasunak eragiketa bakoitzaren BEZa aldez aurretik ordaintzeko baimena eman arte. Horrek atzerapenak ekar ditzake eragiketa horiek egiteko orduan, eta, ondorioz, zailtasunak izan ditzake gasolindegiak hornitzeko.

Baldintzak
Konpainia txikientzat ez da erraza operadore fidagarriaren kalifikazioa lortzea, ezinbestekoa baita erregistroan izena emanda egotea, aurreko urte naturalean salmenta-bolumena 1.000 milioi litro gasolina, gasolio eta bioerregai izatea, handizkako operadore gisa gutxienez aurreko hiru urteetan aktibo egotea, eta ordainketetan atzerapenik-arazorik ez izatea, finantza-kaudimena izatea, alegia. Repsol eta Moeve bezalako konpainia gutxi batzuk baino ez dituzte lortu, eta horrek hidrokarburoen sektorea tenkatu du.

Gainerakoek zenbateko handiak jarri eta aurreratu beharko dituzte, BEZaren “berme” gisa. Neurri hori Aldamak eta beste iruzurgile batzuek egindako hidrokarburoen BEZaren iruzurrari erantzuten dio, eta benetan ordaintzea du helburu, hau da, BEZaren % 21 ez galtzea enpresen bilbaduren edo faktura faltsuen bidez.

Hauek dira «fidagarriak» izatea lortu duten zortzi operadoreak: Repsol, Moeve (lehen Cepsa), BP, Galp, Meroil, Disa, Esergui eta Dyneff.

Isuna Repsoli
Bestalde, Repsolek iragarri du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 2022an Ukraniako guerra hasi zenean prezioak neurri gabe igotzeagatik ezarritako 20,5 milioi euroko isuna inpugnatuko duela, administrazioarekiko auzien bidetik. Repsolek salneurria igo zien banatzaile txikiei, eta merkeago saltzen zuen bere gasolindegietan, bere sarekoak ez ziren gasolindegiei saltzen ziena baino merkeago.

Merkatuko prezioak kontrolatzen dituen Batzordearen iritziz, Repsolek gehiegikeriaz jokatu zuen sektorean zuen nagusitasunezko posizioari esker, Lehiaren Defentsari buruzko Legeak eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 102. artikuluak debekatzen duen arren”.

CNMCk 20,5 milioiko isuna jarri die Repsol Comercial de Productos Petrolíferos, S.A., Solred, S. A. eta Campsa Estaciones de Servicio, S. A. enpresei, gehiegizko marjinak estutzeko merkataritza-politikagatik, zerbitzugune independenteen kaltetan.