“Genozidioa stop, su etena orain! Palestina libre!” leloarekin hainbat herritarrek parte hartu du astelehenean, urriaren 21ean, eguerdiko 12.00etan Euskal Herriko hainbat herritako Udaletxeen aurrean Gernika-Palestina herri ekimenak ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT-LKN, STEILAS, SOLIDARI, EHNE-ETXALDE eta HIRU euskal sindikatuekin batera antolatutako elkarretaratzeetan.
Besteak beste, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Eibarren eta Tuteran burutuko diren elkarretaratze hauetan Israelen eskutik Palestina jasaten ari den genozidioa salatu dute herritarrek; palestinar herriaren aurkako erabateko gerra, Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako babesarekin. “Ondorio larriak eragin ditu honek, 42.000 palestinar baino gehiago erail dituzte, gehienak haurrak eta Gazan %70 suntsitu dute”.
Euskal sindikatuek adierazi dute Israeli armak saltzeari utzi behar zaiola eta “enpresa, erakunde lokal, estatal nahiz europarrek, edota unibertsitate nahiz eragile sozialek, Palestinak bizi duen genozidioa salatzen ez duten entitate edo erakunderekin aktibitate komertziala, ekonomikoa edota beste edozein eremutakoa eten egin beharko luketela”. Sindikatuek langileei eskatzen diete aktibatzeko presio neurriak Israelek Nazio Batuen ebazpenak errespeta ditzan eta “eskualdean bake nahiz egonkortasun egoera bat lortu ahal izateko”.
Sindikatuen adierazpenean esaten denez, “Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinar herriak amets egiteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik, premiazkoa da irtenbideak aurkitzea. Ildo horretan, bide diplomatikoak ireki behar dira berehalako su-etena eta Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera nahiz eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko”.