Hego Euskal Herriko bost hiriburutan elkarretaratzeak egingo ditu aste honetan sare ekimenak, Euskal Presoak etxera ekartzeko ahaleginari azken bultzada emateko. Euskal Preso Politikoak etxeratzeko bidean urrats handiak eman dira azken hilabeteotan. Sare ekimenak azken ahalegin bat eskatzen ari da erronka hori mamitu eta guztira etxera heldu daitezen. Helmuga Ibiltarian parte hartzeko gonbidapena luzatu du Sarek: irailaren 22an 11.30etan Bilboko Arriaga plazan; irailaren 23an 11.30etan Baionako Xaho kaian; irailaren 24an 19.00etan Gasteizko Foru Plazan; irailaren 25ean goizez Iruñeko Udaletxeko plazan 11.00etan eta arratsaldez 19.00etan Donostiako Plaza Berrian (Konstituzio). “Gaur egun agerikoa da egoera konponbiderantz eta etxerantz aurrera egiten ari dela. Egindako bidea handia izan da, baina oraindik ez gara helmugara iritsi: oraindik badira etxera itzultzeko bidea amaitu ez duten presoak, iheslariak eta deportatuak. Horregatik, une bereziki garrantzitsu baten aurrean gaudela uste dugu. Helmuga gero eta gertuago dago, baina azken urratsak elkarrekin egin behar ditugu. Orain arte egindako ahaleginari eutsi eta azken bultzada kolektiboa emateko garaia da, preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea behin betiko errealitate izan dadin” dio Sare ekimenak Helmuga Ibiltaria Erronkaren gonbidapenean.
Preso Guztiak Etxera leloarekin Helmuga dinamikaren ideia hori da, egindako bidea balioan jarri, oraindik egiteko dagoena gizarteratu eta azken txanpa honetan gizartearen inplikazioa eta aldarri honen inguruko adostasun zabala lortu eta irudikatzea.

Ondorengo egunetan, “Helmuga” arkuaren bira egingo du Sarek Euskal Herriko bost hiriburuetan, eta Hiruk ere parte hartuko du beste euskal sindikatuekin batera, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñan egingo diren elkarretaratzetan. “Lasterketetako helmuga irudikatzen duen arku honen bidez, azken helmuga zein den irudikatu nahi dugu: denak etxean egotea”. Hiruk garraiolariak ekimenean parte hartzera gonbidatzen ditu.




