Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Sahararekiko Elkartasun Karabana Durangotik abiatu zen 112 tonako laguntzarekin

Sahararen aldeko elkartasun karabana urtero joaten da Euskal Herritik Aljeriako basarmortuan Tindufen dauden ia 200.000 errefuxiatu saharrren kanpalekuetara. Aurten, maiatzaren 3an, bost kamioi, anbulantzia bat, furgoneta bat eta 4×4 lur orotako ibilgailu bat abiatu ziren Durangotik Alacanteko portura, handik itsasontziz Aljeriako Oraneko portura, eta errepidetik Tindufeko kanpalekuetara. 2003an eta 2004an, Hiruko garraiolariak arduratu ziren kamioiak eta sahararren laguntza Alacantera eramateaz. Orain, Dbuseko gidariek egiten dute. 

Txandaka abiatzen da karabana Gipuzkoatik edota Bizkaitik. Aurten lehenengo aldiz Durangotik. Maiatzaren 3an, abiatu aurretik, ekitaldi bat egin zen: bertan Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta saharar herriaren ordezkariek parte hartu zuten. Ekitaldian saharar herriak historikoki pairatzen duen bidegabekeria salatu zuten: «ia 50 urtez Marokok okupatuta, erbesteratuta, torturatuta eta errefuxiatuta den herriaren egoera larritu egin da, gainera, osasun-krisiaren, inflazioaren edo hondamendi naturalen ondorioz. Irailean ur haundiak izan zituzten. Nahikoa da! Hemendik nazioarteari dei egiten diogu Saharako gatazka behingoz mahai gainean jarri eta konponbidea aurki dezaten, Saharako herriari bere eskubideak, lurrak, itsasoa, baliabide naturalak, azken finean, bere herrialdea, itzultzeko. Sahara librea !»

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearen iritziz, “Durangoko eta Euskadi osoko elkartasuna funtsezkoa izango da bidezkoa den kausa honetan gehien behar dutenei itxaropena emateko”. Kamioietan irauten duten elikagaiak, hala nola arroza, pasta, azukrea, lekaleak eta kontserbak, eskolako eta osasun materialak bidaltzen dira. Urtero, grafitigile batzuek Saharara eramaten diren kamioiak Sahararen egoerari buruzko elementu edo esloganekin “tuneatzen” dituzte. Apainketan Gipuzkoa eta Bizkaiko artistek parte hartzen dute. 

2003an eta 2004an Hiru sindikatuko garraiolari autonomoek eraman zituzten Sahararekin bat egiten zuen karabanako kamioiak Lasarte-Oriatik Alacanteko portura. Aste osoan lan egin eta gero, asteburuan abentura solidarioa parte hartu zuten gure garraiolariek. 

Anbulantzia, 4x4a, furgoneta eta bost kamioik osatu dute aurten Euskal Herriko elkartasun karabana.
Hainbat saharar izan ziren irteeran.
Saharak Euskal Herrian duen ordezkariak kanpamenduetako egoera larria salatu zuen.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea maiatzaren 3ko ekitaldian, erdian. Elkartasuna “funtsezkoa” da bere ustez.
Maiatzaren 3an abaiatu ziren Durangotik Saharantz apaindutako bost kamioiak.
Grafiteroek hitz solidarioez bete zituzten kamioiak Saharako bandera osatuz. Artista eta antolatzaileen irudia.
Besteak beste, Jokin Sortwo eta Mikel Remak ibili dira kamioiak margotzen.
2003 eta 2004an Hiruko garraiolariek eraman zuten karabana. Orduko argazkia da. Garai hartan ere anbulantzia bat zen laguntzaren parte.