Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Salaketa protesta ikusgarria egin dute Gaztelu Plazan sindikatuek altuerako istripuen aurka

Protesta ekintza ikusgarria egin dute Iruñeko Gaztelu Plazan  HIRU, LAB, ESK, STEEILAS, EHNE-Etxalde eta CGT-LKN sindikatuek altuerako istripuak salatzeko, urriaren 17an goizeko 11.00etan. Aldamio bat jarri dute altueratik erorita hiltzen den langile kopuru handia irudikatu eta sarri gertatu ohi diren lan istripuak salatzeko. 

Hain juxtu bi langile hil dira aste honetan bertan Euskal Herrian. altueratik erorita; asteartean, urriaren 15ean, bi lan istripu egun berean. Lehena Nafarroako Olletan, telefonia poste batetik jausita. Movistarrentzat lanean ari den Elecnor enpresak azpikontratatutako enpresako 28 urteko langilea. Bigarrena Loiun, desamiantatze lanak egiten dituen Gecsa enpresak azpikontratatutako enpresan ziharduen 47 urteko langilea. Bi hauekin, gutxienez 47 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. 

Hildako langileen senide, lagun eta lankideei elkartasun eta babes osoa adierazi eta erorketen ondorioz gertatzen diren istripuak salatzeko, HIRU, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta CGT/LKN sindikatuetako 80 pertsona inguru elkartu dira urriaren 17an goizeko 11:00etan, Iruñeko Gazteluko plazan, “Patronalak amilarazten gaitu” lemarekin. 

Azken 10 urteetan, Euskal Herrian, gutxienez 81 langile hil dira altueratik erorikoen ondorioz, gehienak eraikuntzaren sektorean. Aipatutako bi heriotzak zenbatuta, guztira, 8 langile hil dira aurten horrelako ezbeharretan. Nafarroan 9 izan dira erorita hildakoak azken hiru urteotan, hiru 2024an. 

Sindikatuek salatu dute Nafarroako Gobernuak eta NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak badakitela zer gertatzen den, “enpresaburuek ez dituztela beharrezko prebentzio neurriak ziurtatzen, ezta, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko legea betetzen; eta administrazioak beste alde batera begiratzen duela, jakinda, legea urratzeak langileen heriotza dakarrela”. 

Argi dago Nafarroako Gobernuak eta NOPLOIk burututako kanpainak eta erabilitako baliabide publikoak erabat antzuak direla, ez direla eraginkorrak gertatzen diren istripu eta lanean hildako langileen kopurua ikusita, harrigarria, lan-arriskuen prebentzioari buruzko legea indarrean sartu zenetik ia 30 urte igaro ondoren. 

Sindikatuek jakinarazi dute Espainiako Lan Ikuskaritzak 10 begirale baino ez dituela Nafarroan, herrialdeko enpresek neurririk hartzen duten kontrolatzeko eta legea betearazteko. Aldi berean, Nafarroak eskumen guztiak bere gain har ditzala eskatu dute “ahalik eta lasterren Nafarroako Lan Ikuskaritza propio bat izateko, baliabide eta eskumen nahikoa, Nafarroan langile gehiago hil ez dadin”.