Langileok KonponBIDEAN! ekimenean parte hartzen duten ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU eta EHNE sindikatuak aldarrikapen elkarretaratze ikusgarriak egin dituzte ekainaren 27an, ostegunean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, “Salbuespen Neurriak STOP” leloarekin; Beraz, euskal presoek oraindik jasaten dituzten salbuespen neurriak kentzeko eskatu dute aipatutako sindikatuek, 11.30etan Bilbon, Bizikidetzaren plazan eta Iruñean, Udaletxe aurrean; eta 12.00etan Donostian, Zuloaga plazan eta Gasteizen Postas kalean, Correos aurrean.
2014ko ekainaren 15ean egin zuen lehen agerraldi publikoa euskal preso iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare Herritarrak, Donostian. Duela 10 urte jaio zen, beraz, ibilbide luze eta oparoa izan duen Sare ekimena: egindako bideaz eta lortutako helburuez harro, oraindik betetzeko dituen helburuei eusten die, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean oztopo den salbuespen legedia salatuz eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatuz; batera, bai Sarek, eta baita babesa ematen dioten hainbat talde elkarte, edo sindikatuek. Ekainaren 23an, Sareren sorreraren 10. urtemuga gogoratuz, ekitaldi berezia egin zuten Donostian, San Telmo museoaren aurrean, Zuloaga plazan, 11:30ean. Sareren ekimenean hamar urteotan parte hartu duten denak elkartu ziren.
Bide horretan, gutxienez, aipatutako bi ekitaldi horiek burutu dira, elkarrekin “Etxera” aldarrikapenari bultzada emateko. Sindikatuek tinko jarraitzen dute Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien aurka. Argi dute pausoak eman direla gai honetan, urrunketa neurriak amaitzear direla eta euskal preso gehienak Euskal Herriko kartzeletan daudela: “pauso horiek eman badira elkarlan eta denen lanari esker izan da, beraz, horretan jarraituko dugu salbuespen neurriekin amaitu arte, legedi bereziak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzeko”.
Lau elkarretaratzeetako irudiak ondorengo helbidean ikusi daitezke. https://sare.eus/sindikatuen-elkarretaratzeak-2024-vi-27/