Hiru sindikatuak azken urteotan lortu duen egonkortasuna nabarmendu zuten arduradunek urteko batzarrean. Adina bete aurretik erretiratzeko koefizienteen gaia zertan den ere azaldu zuten. Nahiz eta garraiolari autonomoak gero eta zaharragoak izan, gehienak jubilatzear, eta sektorean belaunaldi-erreleborik ez izan, sindikatuak ez du afiliatu kopuruan behera egin. Egonkortasun hori ikusi zen sindikatuak joan den larunbatean, apirilaren 5ean, Langraitz-Okako gizarte-etxeko aretoan burutu zuen ohiko batzar orokorrean. Sindikatuak, Bideko Aterpe kooperatibak eta Babesa erakundeak aurreko urteko balantze ekonomikoa eta aurtengo aurrekontuak onartu zituzten.
Garraiolaria kezkatzen duten gai nagusiez ere jardun ziren batzarraren amaieran bertan izan ziren 30 afiliatuak: sektorean den ezbehar kopuru handia, erretiro aurreratua, bidesariak eta fiskalitatea jorratu zituzten aurreko urtean garatutako jarduera sindikalaren errepasoa eta etorkizuneko jarduera-ildoen eztabaida egiterakoan.
Bazkideek aho batez onartu zuten sindikatuaren balantze ekonomikoa. Azken urteetan sindikatuak lortutako egonkortasun ekonomiko hori gakoa eta lorpen nagusia dela nabarmendu zuten arduradunek. Azken lau urteetako emaitza baikorra da, hazkunde txiki eta egonkortasun urteak izan dira; “2021etik afiliazioak gora egin du, horrek diru-sarreren eta gastuen arteko oreka ekarri du eta sindikatuaren independentzia finantzarioa ahalbidetu”.
Superabita
Azken lau urteotan balantze positiboa izan du Hiruk; 2024an 34.160,34 eurokoa. Horrek guztiak egituraren oreka ekonomikoa errazten du, etorkizunari ezustekorik gabe aurre egiteko beharrezkoa. Sektorearen egoera ona ez den arren, emaitza positibo horiek segurtasuna eta sendotasun ekonomikoa ematen dizkie sindikatuari. Horri esker, 2025erako afiliazio-kuota ez ukitzea erabaki zuten batzarrean, eta ez zaio KPIaren igoerarik aplikatuko.
Afiliazio-datuak onak dira. 2021eko otsailean izan zuen Hiruk afiliatu gutxien, 671. 2024aren amaieran HIRUko afiliatuak 726 ziren guztira, 2023an baino 14 gehiago. Arduradunek datu horien balioa nabarmendu dute, kontuan hartuta oro har gero eta gutxiago direla garraiolari autonomoak, enpresa handiak hazten ari diren bitartean.
Sektorea gero eta zaharragoa da, ez dago erreleborik. Horrek bazkide-kopuru hori baldintzatzen du. Afiliatuen bloke nagusia 55 eta 65 urte bitartekoa da (% 58). Datozen bost urteetan 165 afiliatuk erretiro-adina beteko dute. Batez besteko adina 53 urte eta 8 hilabetekoa da.
Istripuetan heriotza asko
Jarduera sindikalaren balantzeari dagokionez, Hiruko arduradunek istripu eta heriotza-tasa oso altua azpimarratu zuten; iaz 64 langile hil ziren eta horietatik 14 garraiolariak ziren. Beste sindikatu batzuekin batera (LAB, ESK, STEILAS eta EHNE-Etxalde) istripuak lan-baldintza kaxkarren ondorio direla salatu du Hiruk, behin eta berriro, istripuan langile bat hiltzen den bakoitzean, “patronalaren erantzukizuna eta Administrazioaren utzikeria”. Hilero gutxienez garraiolari bat hiltzen da; aurten, okerrera egin du batez besteko estatistika horrek, “2025ean 16 langile hil dira; horietatik 7 ziren garraiolariak”. Garraioa da laneko ezbehar gehien eragiten duten sektoreetako bat”.
Sektoreak lan egiten duen baldintzek okerrera egiten dute urtez urte; merkatuak testuinguru bat ezartzen du, non garraio-zerbitzuak kontratatzen dituzten bezeroen premia nagusitzen den eta horrek garraiolariei presioa eragiten die; desorduetan lan egin behar, ahalik eta pisu handienarekin; honek guztiak ondorio latzak eragiten ditu.
Istripu kopuruan eragina duen beste faktorea adina da. Garraioaren sektorea zahartuta dago, ez du belaunaldi-erreleborik, eta ez da batere erakargarria profesional gazteak garraiolari hasteko. Horregatik ari da eskatzen Hiru, etenik gabe garraiolariek 60 urterekin erretiroa hartzeko aukera.
Jubilazioan aurrera pausurik ez
Madrilen ari dira aukera hori negoziatzen UGT eta CCOO Gobernuarekin eta CETMrekin. Gizarte Segurantzako kotizazioa igo nahi dute, garraiolarien erretiratzeko adinari urte batzuk kentzeko koefiziente murriztaile jakin batzuk aplikatuz. Oraingoz prozesua etenda dago, Gobernuari eskaera hori egitea adostu zuten sindikatuek eta patronalak, baina UGTk atzera egin du; bi sindikatuek jarrera ezberdina daukate. Hori guztia azaldu zen batzarrean.
Alberto Nuñezek azaldu zuenez jada 2024ko otsailean, Madrilgo elkarrizketa sozialerako mahaiak eskatu zion Sanchezen Gobernuari, lanbide gogorren erretiro aurreratua arautuko duen sistema berri bat martxan jartzeko, besteak beste, errepideko garraioan. Gero, erretiro adina aurreratzeko sistema propioa eskatzeko, 2024ko urriaren 14an, astelehenean, CCOOk eta UGTk errepideko garraioan zazpi lanuzte egiteko deialdia egin zuen, “sektorerako erretiro aurreratuko sistema propio bat ezartzeko”.
Sindikatuek bertan behera utzi zuten greba, urriaren 24an, garraioaren patronalarekin akordio bat sinatu ondoren. Gobernuari eskaera konkretua egitea erabaki zuten, “Gizarte Segurantzako kotizazioa handitu dezatela, horrela erretiro-adinean koefiziente murriztaileak aplikatu ahal izateko, bai gidari profesional autonomoen kolektiboari eta C+E gidabaimena duten gidari guztiei “. Enpresen kotizazio-kuotan konpentsazioak erreklamatzea ere jasotzen zuen Akordioak, finantzaketarako enpresen kotizazioen igoerari aurre egiteko.
Erretiro aurreratuaren sistema hori beste sektore batzuetan ere aplikatzen da (meatzaritza, poliziak, suhiltzaileak, aireko garraioa, trenbideko langileak…), eta autonomo bakoitzak erretiroa zenbat denbora aurreratu dezakeen kalkulatzeko xedapen batzuk ezartzen ditu, hau da, koefiziente murriztaile horiek, garraiolariei aukera emango die aurretik erretiratzeko, kotizatu duten urte kopuruaren arabera, gutxieneko kotizazio-aldia beteta baldin badute.
Adibidez, Ertzaintzan erretiro-adina aurreratu daiteke, ohiko datari formularen bidez ateratzen den denbora kopurua kenduta: 0,2ko koefizientea kotizatutako urteengatik biderkatuta ateratzen den epea kenduta: 67 urterekin erretiroa hartuko lukeen eta 30 urteko aldia kotizatuta duen ertzain batek 6 urte aurreratu dezake erretiro-data hori (30 urte x 0,2 koefiziente murriztailea = 6 urte), jarduera horretan gutxieneko urte bat beteta.
Alberto Nuñezek batzarrean azaldu zuenez, sindikatuek eta patronalak sinatutako eskaera ez da oraindik gauzatu, ez zaio Gobernuari bidali: “Egun ez zaio biderik eman urrian sinatutako eskaera horri. UGTk eten zuen prozesua, beharrezkotzat jotzen zuelako Gizarte Segurantzaren Lege berria garatzen duen Erregelamendua argitaratu arte itxarotea. Bertan, lanbide jakin bat “nekagarri edo arriskutsu” deklaratzeko irizpideak ezartzen dira. Araudi hori jada onartuta egongo zela uste bazen ere, Gobernuak ez du oraindik argitaratu”.
Arriskuaren aitorpen hori aldez aurreko beharrezko urratsa da, gero erretiro-adina aurreratzeko Koefiziente Murriztaileen Sistema martxan jartzeko. Nuñezek ohartarazi zuenez, “gaur egun ez dago koefizienteen zenbatekoa zein izango den edota zein baldintzatan aplikatuko liratekeen zehazten duen zirriborrorik. Horrek guztiak etsipena eragin du, badirudi ilusioa areagotzeko mugimenduak direla, gero zehaztu, mamitu edo formalizatuko ez direnak”.
2026tik aurrera Nafarroako bost bide nagusietan kamioiei bidesaria ezartzeko Nafarroako Gobernuak egin dituen urratsak ere azaldu zituzten Hiruko arduradunek. Alde batetik, Nafarbide sozietate publikoa sortu dute, A1, A10, A15 eta A68 autobietan eta N121A errepidean martxan jartzeko eta, ondoren, prozesua kudeatzeko. Bestetik, 2024ko irailaz geroztik, Europar Batasunaren baimena du horretarako. Hiruk kontrako jarrerari eusten dio.
Azkenik, fiskalitatearen gaiari heldu zitzaion. Egonezina eta kezka izaten dute garraiolariek urtero ez dakitelako azken ordura arte moduluen sistemaren bidez zergak ordaintzeko aukerarik izango duten ala ez.
Bideko Aterpe eta Babesaren batzarretan ia ez zen akordio garrantzitsurik izan. Babesaren batzarrak araudian aldaketa bat egitea erabaki zuen, bazkideak ibilgailua baldintza desegokietan izan eta horren ondorioz ezbeharra gertatzen denerako.
Batzarrak onartu zuen bazkideak eskubideak galduko dituela “baldin eta aseguratutako ibilgailua ez badago mantentze eta funtzionamendu aldetik baldintza onetan, balazta, pneumatiko, direkzio-sistema edo ibilgailuaren segurtasunerako funtsezkoa den beste edozein osagairen egoerari dagokionez, betiere arau-hauste edo akats hori istripua eragiteko arrazoi erabakigarria izan bada”.