Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Sindikatuek salatu dute 50 langile hil direla 2024an istripuz Euskal Herrian

Hiru, LAB, ESK, STEEILAS, eta EHNE-Etxalde sindikatuek jada aurten Euskal Herrian 50 langile hil direla salatu dute. Estatistika latza da, astero langile bat hiltzen da gutxienez, 5 pertsona hiltzen dira hilero lan istripuan eta garraioaren sektorea da ondorio latzenak dituenetariko bat. Dagoeneko hamar garraiolari hil dira aurten Euskal Herriko errepideetan. Hilero hilero garraiolari bat hiltzen da lanean.

Sindikatuek argi dute Administrazioa eta patronala direla heriotza horien guztien erantzuleak eta hainbat pankarta jarri dituzte behin 50 hildakoen zenbaki biribilera iritsita, “patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte leloarekin. Salatu dute lan baldintza kaxkarrak daudela zenbaki tragiko eta ez-behar horien atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzio araudiak betetzen, euren irabaziak eta onurak lehenesten dituzte langileen bizitza eta osasunaren gainetik. Bestalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez du behar beste indar, baliabide edota neurri jartzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten: ez dago ikuskatzaile nahikorik eta arau-hausteak ez dira zigortzen. Konkretuki garraioari dagokionez, lanaldi luzeek, atseden hartzeko zailtasunek, enpresek eragindako presek eta presioek, kargen gehiegizko pisuak edo tarifa urriek zaildu egiten dute garraiolariaren lana, arriskuan jartzen du bere bizitza eta osasuna.