Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Takografoa berritzeko epea otsailaren 28ra arte luzatu du Europako Kontseiluak

Martxora arte luzatu du takografo berriak jartzeko epea Europako Batzordeak. Jakina da bai takografo analogikoak eta bai lehen belaunaldiko takografo digitalak kendu eta, bigarren belaunaldiko takografo berriak jarri beharra daukatela kamioian nazioarteko garraioan ari direnek; berez, abenduaren 31ko epea jarri zuen Europako Batasunak, hori esaten zuen Mugikortasun Paketeak. Dena den, ekoizpen eta instalazio arazoak izan dituzte tailerrek eta EBk derrigortasuna atzeratzea erabaki du. 

Takografo berria nahitaezkoa zen, berez, abenduaren 31tik aurrera nazioarteko ibilbideak egiten dituzten garraiolarientzat. Hala ere, Europar Kontseiluak parentesi bat irekitzea erabaki du, eta martxora arte ez die isunik jarriko, takografoa ordezkatu ez dutenei. Atzerapena justifikatzeko bi arrazoi nagusi aipatu dituzte: batetik, bigarren belaunaldiko takografo berriak ekoizteko zailtasunak izan dituzte,  behar ziren bezainbeste garaiz egiteko, alegia; eta, bestetik, takografo berriak kamioian jartzeko instalazio tailer askotan lan gehiegi izan dute.


Kontseiluak abenduaren 22an erabaki zuen atzerapena, derrigortasuna indarrean izateko hamar egun falta zirenean. Datu ofizialen arabera, ehun kamioietik 15ek aurreko takografoekin jarraitzen dute, (milioi bat inguru dira Europa osoan). Bi hilabete izango dituzte eskakizuna bete eta takografo berriak jartzeko, datorren  martxora arte. Orduan hasiko dira isunak jartzen garraiolariak estutzeko, takografoa aldatu dezaten. 

Aldaketa garrantzitsu hori 2020an onartu zuen Europar Batasunak. Orduan, 2024ko abenduaren 31ko muga jarri zuen, baina hainbat egoerari aurre egin behar izan die, eta, egoera ikusita, ondorioz, epea luzatu behar izan dute. Arazo nagusiak bi izan dira, takografo berrien ekoizpena bera eta instalazio tailerrak lanez gainezka izan direla.  “Bi hilabeteko trebakuntza” garaia deitu diote eta, 2025eko martxora arte ez dira, beraz,  isuna jartzen hasiko.