Madrileko Gobernuak gasolioaren prezioen igoerari aurre egiteko onartu berri duen aginduaren arabera, erreferentzia gisa hartu beharreko gasolioaren batez besteko prezioetan ez da zergarik kontutan izango, hau da, ZAPa hartuko da kontuan, zergak ordaindu aurreko prezioa. Eta garraiolariarentzako laguntzari dagozkion 20 zentimoak ere ez dira kontutan hartuko. Hori guztia, Israelek eta AEBk Iran inbaditu ondoren eragindako krisiaren ondorioz erregaiaren prezioen igoerari eman beharreko erantzuna arautzen duen errege-dekretuaren arabera.
Beraz, garraioaren prezioa erregaiaren prezioaren aldaketaren arabera eguneratzeko kalkulua egitean, gasolioaren prezio gordina erabiliko da, zergarik eta laguntzaren 20 zentimorik kontutan izan gabe.
Erregai-prezioaren aldakuntzengatiko garraioaren prezioak berrikusteko formula honela geratuko da: Garraioaren prezioaren igoera zerga aurreko erregai-prezioaren aldakuntzaren berdina izango da, 0,3 indizearengatik biderkatuta. Indize horrek adierazten du gasolioak garraioaren kostu osoan duen portzentaia.
Garraio-prezioa berrikusteko formula, erregai-prezioan izandako aldaketengatik:
Tte Prezioaren Igoera = PAIren Aldakuntza (erregaiaren prezioa zergen aurretik) x Tte Prezioa. X 0,3/100
Adibidea (garraio-prezioa: 100 €) 17,49E = 58,3 x 100 x 0,3/100
Hiruk garraiolari autonomoei adierazi die Garraio Ministerioak ezarritako formula erabil dezaketela gasolioaren prezioaren igoerari aurre egin eta garraioaren prezioak egokitzeko. Bezeroak behartuta daude, derrigortuta, eta igoera nahitaez onartu beharko dute. Argi dago azken asteotan erregaien prezioa gora doala, eta badirudi datozen asteetan ere gora egingo duela “aurrekaririk gabeko mailetaraino”, iturri batzuen arabera, Israelek eta AEBk Iranen aurka egindako erasoaren eta Persiar Golkoko herrialdeen egoera ezegonkorraren ondorioz
Garraioaren prezioak nahitaez erregaiaren prezioaren arabera berrikusteko klausula ofizialak indarrean jarraitzen duela gogorarazi die sindikatuak garraiolariei. 2022ko martxoan jarri zen abian, erregaien prezioak etengabe igotzen ari ziren unean, Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkaren ondorioz. Askok ez dute erabili azken hilabeteotan, nolabaiteko “lasaitasuna” izan baita erregaien prezioei dagokionez, baina garraiolariek jakin behar dute ez dutela baliogabetu, eta berriro erabili beharko dela, gasolioaren prezioak igotzen segitzen duen bitartean.
Garraio Ministerioak gasolioaren prezioa aldatzeko formula eguneratuta dauka bere webgunean. Formula hori funtsezko tresna da garraiolariarentzat fakturan gasolioaren igoera txertatzeko eta zenbat gehiago kobratu beharko duen jakiteko, hau da, garraioaren tarifa gasolioaren prezioaren aldaketa zehatzaren arabera eguneratzeko. Garraiolariak ez du bezeroarekin ezer negoziatu behar, baizik eta igoera aplikatu, prezioa berritu eta pasatu.
Aipagarria da garraioaren bezeroek nahitaez onartu behar dutela formularen araberako igoera hori. Prezioak berrikusteko klausula aplikatzea ez da aukera bat, legezko bete beharra baizik. Garraiolariak lehiakor izaten jarraitu nahi badu, ez du beste erremediorik izango. Jarduera ez da bideragarria izango kostu horiek pasatzen ez baditu.
Berrikusteko formula, 3/2022 Errege Lege Dekretuaren bidez jarri zen abian eta FOM/1882/2012 Ministro Aginduak arautzen du. Argi dago erregaien prezio neurrigabeak garraioaren jarduera baldintzatzen duela, eta garraiolari autonomoarentzat ezinbestekoa da prezioak eguneratzea. Estatu Batuek eta Israelek Irani berriki egindako erasoak sortutako ezegonkortasunaren eta horrek eragindako petrolioaren prezioen igoeraren ondorioz kezkatuta daude garraiolariak eta beren lana egiteko erregaien menpe dauden pertsona guztiak. Erregaiaren prezioen igoera gatazkaren eta Iranek Ormuzeko itsasartea ixtearen lehen ondorioetako bat izango da, bertatik baitabil Europarako petrolioaren %20.





