Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Trafikoko gestioak batez beste 10 egun atzeratzen dira Leongo azpikontrata batek egiten dituenetik

Ibilgailuen matrikulazio eta transferentzietan gertatzen diren atzerapenen arazoa ez da konpondu Trafiko Zuzendaritzak lan hori Leongo plataforma bati agindu dion arren. Atzerapen horiek galerak eragiten dizkie euskal garraiolari autonomoei. 

Euskal Herriko garraiolarien Hiru sindikatuak egiaztatu du DGT iazko urtarrilean gestioak zentralizatzeko emandako pausua ez dela eraginkorra izan. Ordutik Leonen martxan jarritako plataforma informatiko baten bidez kudeatzen dira ibilgailuen matrikulazio, transferentzia eta beste gestioak. Atzerapenek jarraitzen dute eta kasu askotan arazoa areagotu da. Ondorioz, haserre dira paperak lortu arte lan egin ezin duten garraiolariak. Atzerapen horien ondorioz, garraiolariak galera handiak izaten ditu; izan ere, dagoeneko ibilgailu berria eduki arren, ezin du erabili baimenak izan arte.

Publikoa izan beharko lukeen kudeaketa pribatizatzeak ez du arazoa konpondu. Leonen dagoen azpikontratatutako plataformaren bidez kudeatzen direnetik, prozesuak astebete eta hamabost egun artean atzeratu dira, eta kasu batzuetan, atzerapena hilabetekoa ere izan da. Sindikatuko langileek salatu dute, kasu horietan inork ez diola telefonoari erantzuten, ezinezkoa dela gestioak nola doazen jakitea, ezin inorekin hartu-emanetan jarri. Informazio orokor guztia web orrian dagoela esaten duen aplikazio batek erantzuten du, baina ez du kasu zehatzei buruzko informaziorik ematen.

Egoera jasangaitza da. Donostiako Trafiko Ordezkaritzan hainbat prozesu pilatzen dira, bulego horretako langileen borondate eta prestasunaren gainetik. Eurek ere ezin dute ezer egin Trafiko Zuzendaritzak azpikontratatutako plataformaren atzerapenen aurrean. Informatika eta konexio arazo gehitxo dauzkate gestioak garaiz eta zentzuzko denboran egin daitezen. 

Horren guztiaren aurrean medio tekniko eta giza baliabideak jartzeko eskatzen du Hiru sindikatuak, ahalik eta azkarren, gainera, matrikulazio, transferentzia edota beste edozein gestio garaiz egin daitezen; ibilgailuz aldatzen duen garraiolari autonomoa ezin baita hainbeste denboran geldirik egon, Administrazioaren utzikeriagatik.