Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Udako ohiko auto-ilarak eguneroko ogi, aurten ere, Irungo mugan

Irunen auto-ilara luzeak izan dira abuztuan, urtero bezala, bai hirira sartzeko bideetan, bai AP8 autobidean; 10 kilometro baino gehiagokoak, sarri, bi norabideetan, Baionarantz edota Donostiarantz, trafiko handia izan den zenbait egunetan, batez ere arratsaldez. Aurreikuspenen arabera, datorren asteburuan, abuztuko azken egunetan, ilarak errepikatuko dira, zailtasunak izango dituzte bidaiari zein bizilagunek. 

Trafiko arazoak saihesteko plangintza berezi bat abian du abuztu osoan, Irungo Udaltzaingoak, hirugarren urtez jarraian, Irteera eta Itzulera operazioak direla eta. Autopistan zirkulazio handia den egunetan, oporretara doazen edo oporretatik itzultzen direnen ibilgailuek ezin dute hirian sartu. 

Abuztuaren 7an aktibatu zen plangintzaren helburua horixe da, mugako ibilgailu kopuru handiak, ahal den neurrian, ez dezala izan eraginik hiriaren erdiguneko zirkulazioan, hau da, ondorioak ahalik eta gehiena murriztu nahi dira. Izan ere, aurreko urteetan mugako hirian udan ilara handiak izan dira eta bertako zirkulazio dena kolapsatu ere egin da. Arazo horiek arindu nahi izan ditu Irungo Udalak. 

Turisten ibilgailuek Irun igarotzea debekatuta dagoela ohartarazten duten seinaleak hiriko sarrerako gune estrategiko nagusietan jarrita daude egun horretatik aurrera, eta, aurreko urteetan bezala, abuztuan trafiko gehiena dabilen egunetan, Udaltzainek kontrolatzen eta arautzen dute zirkulazioa Ertzaintzarekin batera. Esan bezala, plangintzaren baitan da bidean diren ibilgailuak hiriko erdigunera ez sartzeko debekua. 

GI636 errepidea eta AP8 autobidea ez erabiltzeko, gomendatzen zaie Irungo herritarrei, bi bide horietan trafiko handia aurreikusten delako. Era berean, garraio publikoa erabiltzeko aholkatzen zaie, eta, ahal bada, garraio pribatua saihesteko barruko zein kanpoko joan-etorrietarako.

Zailtasun eta eragozpen handienak hilaren hasierako eta amaierako asteburuetan, abuztuaren 15eko zubian eta, noizbehinka, Behobia edo Biriatu parean izandako ezbeharren baten ondorioz gertatu dira. 

Halaber, auto-ilara arinagoak eta zirkulazio motela izan dira AP8 eta AP1 autobideetako beste zenbait zatitan, esaterako, Zarauzko ordainlekuan, Gasteiz parean.

Abiatu aurretik, bidaia aldez aurretik programatzeko; ibilbiderik onena aukeratzeko; neumatikoen, balazten eta argien egoera berrikusteko; eta trafikorik handiena den egun eta orduak saihesteko gomendatzen du Trafiko zuzendaritzak. Bidaiaren bezperan, behar adina atseden hartzen eta lo egiten saiatzeko ere bai, beroak neke-sentsazioa eta logura areagotzen baititu.

Bidaian zehar, garrantzitsua da, beti ere Trafikoko arduradunen arabera, segurtasun-distantzia mantentzea istripuak saihesteko, bereziki auto-ilarak badin badira; horrekin batera aholkatzen dute erregaiaren ontzia beteta eramateko, gidatzen ari zarenean mugikorrik ez hartzeko eta arreta galtzeko edozein jokabide saihesteko.